Gizartea -

Gertakaria

Ertzaintzak Mexikon bahitutako gizon bat askatzen lagundu du

"Koiote mexikarrek" harrapatuta zegoen gizona, eta Euskal Herriko senideak ere mehatxatu dituzte erreskatea eskatzeko.

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak, Mexikoko segurtasun indarrekin lankidetzan, herrialde hartan astebete bahituta zeraman 35 urteko gizonezko bat askatu du. Bahituak familia du Euskal Herrian, eta bahitzaileek senide horiek mehatxatu zituztenean izan zuen Ertzaintzak bahiketaren berri.

Apirilaren 6an bahitu zuten gizona Ciudad Juarezen, Chihuahua estatuan. "Koiote mexikarrak" izan ziren bahitzaileak, diruaren truke herritarrak AEBra legez kanpo eramaten dituzten horiek.

Dirudienez, ez zitzaien nahikoa iruditu bahitutako pertsonarekin muga igarotzeko hitzartutako kopurua, eta haren familia Euskal Herrian bizi dela jakin zutenean, haren amari (telefono-zenbaki ezberdinetatik bidalitako WhatsApp mezuen bidez) diru-kopuru handia eskatu zioten. Diru-kopuru hori apirilaren 9a baino lehenago jaso behar zutela esan zioten, bestela semea hilko zutela mehatxatuta.

Horrez gain, amak bideo batzuk ere jaso zituen, semea mehatxatzen eta jotzen ari zirela erakusteko. Hori horrela, familiak Ertzaintzara jo zuen apirilaren 9an, gertatutakoa salatzeko.

Une horretan, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiko Burutzako Pertsonen Aurkako Delituen Atalak hartu zuen bere gain ikerketa, gizona askatzea lortu arte.

Ertzaintzaren Polizia Koordinaziorako Unitatea, INTERPOL bidez, Mexikoko Poliziarekin harremanetan jarri zen, eta zuzenean jarri ziren harremanetan Mexikoko Bahiketen Aurkako eta Inpaktu Handiko Delituen Koordinazioko (CONASE) Krisiak Maneiatzeko eta Negoziatzeko atalaren arduradunarekin.

Ertzaintzaren Negoziazio Taldeak gidatuta, negoziazio taktiko bat hasi zen, bahituaren amaren bidez, ahalik eta datu gehien lortzeko eta bahitzaileen kokapena lortu arte denbora irabazteko. Mexikotik, bahitzaileek erabiltzen zituzten telefonoak geolokalizatzeko kudeaketak egin zituzten.

Apirilaren 11n, Ertzaintzak, Ciudad Juarezeko UECS (Bahiketaren aurkako Borrokan Espezializatutako Unitatea) polizia-talde taktikoarekin batera, eta Chihuahuako Fiskaltzarekin koordinatuta, egindako operazio bateratuan, biktima askatzea lortu zuen, eta Mexikoko agintarien babespean geratu zen. Horiek aireportura lagundu zioten herrialdeko leku seguruago batera joan zedin.

Ertzaintzak nazioartean izandako bost bahiketa ikertzen parte hartu du 2015etik, eta kasu guztietan lortu dute bahituak askatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gizartea Mexiko Eguneko albisteak Albisteak