Gizartea -

trafikoa

Kamioizale bat hil eta beste pertsona bat zauritu da Arren izandako istripu batean

Ezbeharra PA-30 errepidean gertatu da, Iruñeko Merindadeko kontzejuan. Hildakoak 58 urte zituen, eta arin zauritu den emakumeak, 25.

PA-30 errepidean izan da istripua. Argazkia: Foruzaingoa
PA-30 errepidean izan da istripua. Argazkia: Foruzaingoa
58 urteko kamioilari bat hil da PA-30 errepidean, Arren, bi ibilgailuk talka egin ostean

0:40

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamioizale bat hil eta turismo bat gidatzen ari zen emakume bat zauritu da Arren (Nafarroa) gaur goizean izandako istripu batean, PA-30 errepidean.

SOS Nafarroa larrialdi zerbitzuek 07:12an jaso dute ezbeharraren berri, eta suhiltzaileak, anbulantzia medikalizatuak, anbulantzia arrunta eta Foruzaingoa bertaratu dira.

Argitzeke dauden arrazoiak medio, bi ibilgailuek talka egin dute PA-30 errepideko 11. kilometroan, eta kamioia bidetik irten eta irauli egin da.

Osasun zerbitzuek ezin izan dute ezer egin 58 urteko kamioizalea suspertzeko. Kamioiean harrapatuta geratu da eta suhiltzaileek atera dute, Foruzaingoak jakinarazi duenez.

Turismoaren gidaria ere, 25 urtekoa, suhiltzaileek atera dute autotik, baina arin zaurituta eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, anbulantzia arrunt batean.

Hildakoaren gorpua auzitegi medikuarenera eramango dute autopsia egiteko, eta Foruzaingoak hartu du gertatutakoa ikertzeko ardura.

LAB sindikatuak errepideko lan-istripuen "kopuru handia" salatu du, garraiolaria hil ostean. Sindikatuak ohar batean azaldu duenez, ezbehar horren atzean hainbat faktore daude, baina "guztien artean nabarmentzen den arrazoi bat dago: prekarietatea gero eta hedatuago dago sektorean", "lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, edo lan-baldintzengatik modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak".

Horrek guztiak istripu izateko aukerak areagotzen ditu, eta, aldi berean, "arazo kardiobaskularrak sufritzeko koktel ezin hobea" dira. LABek azpimarratu duenez, "ziur gaude garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak saihestu daitezkeela".

Eta horretarako "borondate politikoa baino ez da behar garraiolarien eskubideak bermatu eta errespetatuko dituzten neurriak ezartzeko", eta horrek erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa eskatzen du.

Prekarietatearekin amaitzeko, "patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da", erakundeek "beste alde batera begiratzen jarraitu gabe, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izango baitira".

Halaber, Nafarroan lan-ezbeharrei buruzko datuak ekarri ditu LABek gogora; izan ere, aurten zortzi behargin hil dira lanean dagoeneko, lanera bidean edo lan-istripuetan, eta horietatik sei errepidearekin lotuta egon dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Trafiko istripuen biktimak