Gizartea -
Eguraldia
Igande goiz eguzkitsua, baina arratsalde euritsua
Tenperaturak jaitsi egingo dira, bereziki minimoak. Astelehenean, euria egiteko aukera hegoaldeko mendi inguruetara eta Piriniotara mugatuko da.
EITB MEDIA
Larunbateko joerari eutsiko dio eguraldiak igandean ere. Ez da aldaketa handirik egongo. Goiza argia izango da, eta, ondorioz, hotz egingo du, eta Araban eta Nafarroan izotza egin dezake. Eguerdian, hodeitza ugaritu, eta zaparradak botako ditu (noizbehinka trumoitsuak izan daitezke). Hegoaldeko haize leuna ibiliko da goizean, eta iparraldera egingo du arratsaldean. Tenperaturak jaitsi egingo dira, bereziki minimoak. Horrela, 16-17 ºC espero dira Bilbon eta Donostian, eta 15 ºC, Gasteizen.
Araban eta hiriburuan San Prudentzio jaiak ospatzen ari diren asteburu honetarako iragarpenak ez du hain giro makurrik iragarri lurraldearen zati horretarako. Goiza argia izango da, baina hotz egingo du (1 ºC-ko minimoak espero dira); arratsaldean, giroa lainotu egingo da, baina ez da euri askorik espero.
Astelehenean, euria egiteko aukera hegoaldeko mendi inguruetara eta Piriniotara mugatuko da. Edonola ere, tarteka soilik egingo du euria, eta prezipitazio urriak espero dira. Kostaldean, ostarteak nagusituko dira, nahiz eta egunaren amaieran hodeiak gailenduko diren. Iparretik joko du haizeak, leun. Tenperaturak beren horretan geratuko dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.