Gizartea -
Armiñonen eta Gasteizen
Bi atxilotu A-1 autobian bi furgoneta geldiarazi ostean, pertsonen legez kanpoko trafikoa egotzita
Atxilotuek Indiako eta Pakistango pertsonak garraiatzen zituzten, bidaiaren truke diru kopuru bat kobratuta.
EITB Media
Bi pertsona atxilotu dituzte pertsonen legez kanpoko trafikoa leporatuta, Ertzaintzak A-1 autobian bi furgoneta geldiarazi ondoren, Armiñonen eta Gasteizen. Furgoneta horietan 20 bat pertsona zihoazen.
Atxilotuei pertsona migratzaileen legez kanpoko trafikoa egotzi diete. Indiako eta Pakistango pertsonak garraiatzen zituzten, bidaiaren truke diru kopuru bat kobratuta.
Zirkulazio-kodearen urraketa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Arabako Trafiko Unitateko patruila batek lehen ibilgailua geldiarazi zuen A-1 autobian, Armiñon parean, igande goizaldean, zirkulazio-kodea urratu ostean.
Ertzainek ikusi zuten furgonetan bederatzi pertsona zihoazela, gidariaz gain, eta bidaiaren inguruko bertsio "desberdinak eta inkoherenteak" eman zituztela. Antza denez, furgoneta Portugalera zihoan, eta pertsona migratzaileek diru-kopuru jakin bat ordaindu zuten bidaiaren gastuak ordaintzeko.
Hori dela eta, Ertzaintzak furgonetaren gidaria atxilotu zuen, 37 urteko gizon bat, eta bederatzi bidaiariak Polizia Nazionalarengana eraman zituen.
Atzeko pneumatikoa, baxu
Era berean, Ertzaintzaren Miñoiek bigarren furgoneta geldiarazi zuten astelehen goizaldean, A-1eko zerbitzugune batean, Gasteiz parean, ibilgailuaren atzeko pneumatiko ohikoa baino baxuagoa zegoela egiaztatu ondoren.
Ertzainek ikusi zutenez, bidaiari gehiegi zeramatzan ibilgailuak. Zehazki, gidaria eta beste 13 pertsona zihoazen furgonetan.
Gasteizko ertzain-etxeko agenteek bidaiariak Espainiako poliziaren esku utzi zituzten.
Halaber, 29 urteko gidaria atxilotu zuten, pertsonen legez kanpoko trafikoaren delitua egotzita. Bi atxilotuak epailearen esku geratu dira dagoeneko.