Gizartea -
Bideo erotikoagatik
Irain eta oihu artean hartu dute Olvido Hormigos zinegotzi sozialista
Udaleko PSOEko bozeramaileak zuzenean galdetu zion alkateari ea bideoa bere posta elektronikotik bidali zuen, baina alkateak erantzuteari uko egin zion.
Erredakzioa
Olvido Hormigos Toledoko Los Yebenes udalerriko zinegotzi sozialista "puta" eta "emagaldu" oihuekin hartu zuten atzo udaleko osoko bilkuraren atarian. Bukaeran egindako adierazpenetan, Hormigosek esan zuen badakiela pertsona bat inputatu dutela eta "erabakia epailearen esku" dagoela.
Ikerketako iturrien arabera, zinegotziaren bideo erotikoaren auzian 30 urte inguruko gizonezko bat inputatu dute, futbol jokalaria, eta zinegotziaren lagun mina.
Pedro Acevedo alkateak bideoaren inguruko galderei erantzuteari uko egin zion, nahiz eta Jesus Perez sozialisten bozeramaileak gai horren inguruan galdetu. "Uste nuen erantzun egingo zuela", esan du Hormigosek, "baina ikusi duzuen moduan, ez du hitzik ere esan".
Alkateak, erantzunik ez
Alkateak hitza kendu zion bozeramaile sozialistari, "galdera idatziz egin eta hurrengo bilkuran erantzungo dizut" esanda.
Ondoren, Jesus Perezek galdera zehatza egin zion: "Mezu elektroniko hori, zure postatik atera zen?".
Alkateak labur erantzun zion: "Nahiago dut hurrengo bilkuran erantzun".