Gizartea -
GERTAKARIA
Atxilotu egin dute Donostian, futbol partida baten ostean, arma zuriz egindako erasoaren ustezko egilea
30 urte ditu atxilotuak eta epailearen esku utziko dute datozen orduetan. Gainera, beste pertsona bati eginbideak ireki dizkiote, ikertu gisa, Donostiako Bidebieta auzoko futbol-zelaian gertatu ziren erasoetan parte hartzeagatik.
EITB MEDIA
Ertzaintzak atxilotu egin du Donostiako Bidebieta auzoan futbol partida baten ostean arbitro baten aurka arma zuriz egindako erasoaren ustezko egilea. 30 urte ditu atxilotuak eta epailearen esku utziko dute datozen orduetan. Gainera, beste pertsona bati izapideak ireki dizkiote, ikertu gisa, zelaian gertatu ziren erasoetan parte hartzeagatik.
Larunbatean istiluak izan ziren Bidebieta auzoan, futbol partido bat tarteko. Federatu gabeko bi taldek norgehiagoka amaitu ondoren, talde galtzaileak epaile lanetan zebilen lagunari eraso egin zion, bultzatuz eta objektu sendoren bat jaurtiz. Tentsio handiko uneak bizi izan ziren, eta, ondorioz, partida ikusten ari ziren asko zelaira jaitsi ziren erasoa eteteko asmoz.
Bi taldeen artean, baina, liskarrak jarraitu egin zuten, eta borrokan ari zirela, pertsona bat bizkarrean zauritu zuten labanaz, eta beste batek hainbat kolpe jaso zituen aurpegian. Biak Donostia ospitalera eraman zituzten.
Gertatutakoa ikertu ondoren, ertzainek arma zuriz egindako erasoaren ustezko egilea identifikatzea lortu zuten, eta astelehen arratsaldean atxilotu zuten bere etxean. 30 urteko atxilotua epailearen esku utziko dute datozen orduetan.
Halaber, borrokan parte hartu zuen beste pertsona bati, igandean, eginbideak ireki zizkioten ikertu gisa, lesio-delitu bat eta liskarretan parte hartzea egotzita.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, borroka jendetsuan parte hartu zuten guztiak identifikatzeko eta, behar izatera, neurriak hartzeko.
Eneko Goiaren adierazpenak
Eneko Goia Donostiako alkateak astearte goizean adierazi duenez, "esku-hartze hori Ertzaintzak" egin duela eta, hortaz, Herrizaingo Sailari dagozkiola gertakarien inguruko berriak ematea.
Nolanahi ere esan du "gure hirian horrelako indarkeriazko portaerak kezka sakona" sortzen dutela, eta "erabat lekuz kanpo daudela". Hala, guztiz gaitzetsi ditu gertakariak.