Gizartea -
Unibertsitaterako hautaproba
Ia ikasleen % 98k gainditu dute Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa EAEn
Azterketak berrikusteko eskaerak ekainaren 14an, 17an eta 18an egin ahalko dira, eta behin betiko emaitzak ekainaren 25ean argitaratuko dira.
Agentziak | EiTB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egin duten ikasleen % 97,98k gainditu dute, gaur goizean EHUk zabaldutako informazioaren arabera.
Gaindituen portzentajea iazkoaren oso antzekoa da, orduan % 98,07koa izan baitzen. Aurten, EHUn sartzeko hautaprobara aurkeztu diren Batxilergoko 12.073 ikasleetatik 11.829k gainditu dute eta 244k, aldiz, ez.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, Gipuzkoan % 98,69k gainditu dute, Araban % 98,26k eta Bizkaian % 97,64k.
Azterketa euskaraz egin dutenen artean % 98,56k gainditu dute eta gaztelaniaz, % 96,00k. Sexua kontuan hartuta ez da ia alderik izan: gizonak % 98,04 eta emakumeak % 97,93.
Bestalde, azterketak berrikusteko eskaerak ekainaren 14an, 17an eta 18an egin ahalko dira, eta behin betiko emaitzak ekainaren 25ean argitaratuko dira.