Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Pablo Gonzalez aske, Gasteizko jaien pregoia, eta ERCren barne galdeketa
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 2an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pablo Gonzalez, aske: Pablo Gonzalez jatorri errusiarreko euskal kazetaria aske geratu da, Gerra Hotzaz geroztik preso trukerik handienean parte hartu ostean. Bi urte eta erdi inguru egin ditu preso Polonian, haren kontrako inolako kargurik aurkeztu gabe. Gonzalezen askapena Errusiaren eta Mendebaldearen arteko preso truke handi baten baitan kokatzen da, baina, zehazkiago, Gonzalo Boye abokatuak azaldu duenez, Errusia eta Poloniaren arteko kazetari presoen truke baten barruan egin da. Zentzu horretan, "egun espetxean dauden kazetari guztien askatasunaren aldeko mugarri garrantzitsua da".
- Gasteizko jaien pregoia: Gasteizen Andre Maria Zuriaren jaiak ofizialki igandean hasiko dira Zeledonen jaitsierarekin. Hala ere, gaur, Elisa Rueda poeta, idazle, irakasle eta aktoreak pregoia irakurriko du Plaza Berrian, 21:30etik aurrera.
- ERCren barne galdeketa: ERCko militanteek —8.500 baino gehiagok— gaur erabakiko dute alderdi errepublikarrak PSCrekin lortutako aurreakordioa babestu ala ez. Aurreakordioaren arabera, Kataluniako Parlamentuko ERCko 20 diputatuek Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentegaia babestuko lukete inbestidura saioan, Kataluniarako finantzaketa eredu berriaren truke. Afiliatuek 10:00etatik 19:00etara emango dute botoa —'bai', 'ez' edo abstentzioa— kontsulta telematiko batean, baina aurrez aurreko bozketa-guneak ere jarriko dira horretarako. Emaitzak 19:30etik aurrera ezagutuko dira.