Gizartea -
pobrezia
88.000 pertsona daude "pobrezia larriaren" arriskuan Nafarroan, biztanleriaren % 12,1
2022an, pobrezia-arriskuaren tasa % 21,8an zegoen, hau da, 144.000 pertsona baino gehiago. Emakumeek pairatzen dute gehien, ehuneko 2,6 puntu gehiago gizonekin alderatuta.
AGEBTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako biztanleen % 12,1 (88.000 pertsona) "pobrezia larria" jasateko arriskuan dago. Datuok Nafarroako Elikagaien Bankua Fundazioko adituek egindako 'Ingurune Sozio-Ekonomikoa' ikerketatik datoz, zeinak egoera "kezkagarria" dela dioten.
Dokumentua ostiral honetan aurkeztu dute, eta bertan jasotzen denez, 2022an, pobrezia-arriskuaren tasa % 21,8 zen Foru Erkidegoan, hau da, 144.000 pertsona baino gehiago.
Pertsona horien nazionalitatea erreparatzen badugu, dokumentuak zehazten du pobrezia-arriskuaren atalasearen azpitik dauden pertsonen ehunekoa % 16 dela Espainiako nazionalitatea duten pertsonen kasuan, % 45 EBko atzerritarren kasuan eta % 67,5 EBkoak ez diren atzerritarren kasuan.
Sexuaren arabera, emakumeak dira pobrezia gehien pairatzen dutenak; gizonen aldean ehuneko 2,6 puntuko aldearekin. Horren arrazoi nagusia pentsiodunen diru-sarreren arteko aldea da: emakumeek 12.254 euro jasotzen dituzte, eta gizonek, berriz, 20.204 euro.
Adinaren arabera, ikerketak jasotzen du pobrezia-arriskuaren tasarik handienak gazteei dagozkiela. Izan ere, 16 urtetik beherakoek (% 31,4) eta 16 eta 29 urte bitartekoek (% 26,5) gainontzeko biztanleek baino tasa handiagoak dituzte (% 21,8).
Datuok lurraldeka erreparatuz gero, Tuterako Erriberan dago pobrezia daturik handiena (% 29,4), ondoren Ebroko Erriberan (% 29,3), eta Argako Erriberan eta Aragoin (% 26). Ipar-mendebaldeko Nafarroako eta Zangozako eremuek dituzte ehuneko txikienak (% 18 eta % 18,2, hurrenez hurren).