Gizartea -
Indarkeria matxista
Ertzaintza gizon bat ikertzen ari da Gasteizen, bikote barruan egindako sexu eraso batengatik
Udalak elkarretaratzea egingo du bihar, asteartea, 12:00etan, Plaza Berrian, eta herritar guztiei dei egin die mugimendu feministak antola ditzakeen gaitzespen ekitaldietan parte hartzera.
Agentziak | EITB Media
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gizon baten aurka, emakume batek salatutako bikote barruko sexu eraso batengatik.
Segurtasun Saileko iturrien arabera, biktimak joan den larunbatean, abuztuaren 31n, jarri zuen salaketa, genero indarkeriaren esparruan egindako sexu eraso batengatik.
Bestalde, Gasteizko Udalak "irmo eta gogor gaitzetsi eta arbuiatu" du erasoa, baita babesa eta hurbiltasuna adierazi nahi izan die biktimei eta ingurukoei" ere. Horrela, "haien esku jarriko ditu behar dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak, eta haien interesekoa den informazio guztia izango dutela bermatzen du".
Udal ordezkariek elkarretaratzea egingo dute bihar, irailak 3, 12:00etan, Plaza Berrian, eta bat egingo dute mugimendu feministak antola eta dei ditzakeen gaitzespen ekitaldiekin, eta herritar guztiak gonbidatuko dituzte horietan parte hartzera.
Udalak Erantzun Protokoloa aktibatu du, "kasuaren berri izan eta ikuspegi osoagoa eta zuhurragoa izateko informazioa kontrastatu ondoren", eta indarkeria matxista "giza eskubideen urraketa larria dela" salatu du.
"Indarkeria hori ez da soilik ekintza isolatu bat (edo batzuk); gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, normalizatutako mezuen eta mezu sinbolikoen multzoa baizik; indarrean jarraitzen duen sistema heteropatriarkalaren baitan, gizonek emakumeak menpean izateko helburu nagusia duten mezu eta jokabideak dira", gaineratu du.
Era berean, ziurtatu du jarraituko duela "eraso matxisten aurrean berehala eta modu irmoan erantzuteko neurriak sustatzen, biktima lehentasunez artatzen, indarkeriari aurre egin ahal izateko emakumeei tresnak emateko prebentzio-jarduketak garatzen eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzen".