Gizartea -
osasun ituna
Diagnostiko bateratu baten garrantzia azpimarratu du Osasun sailburuak, berehalako hobekuntzak ahaztu gabe
Alberto Martinezek argi du diagnostikoaren elementuetako bat "lehen mailako arreta indartzea" izango dela. Bitartean, epe laburrean, anbulatorioetako hitzorduak 48 ordura murriztea du helburu, baita espezialitateetako itxaron-zerrendak txikitzea ere.
eitb media
Agente ezberdinen artean herrialde mailako osasun-ituna lortzea duen Mahaiaren lehen bilera giro onean igaro zela nabarmendu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta mahai horren lehen helburu nagusia osasun publikoaren sistemaren diagnostiko bateratua lortzea dela argitu du.
Aldeak egon daitezkeela eta norbaitek puntu jakin bat jarri nahi izatea onartu arren, Martinezek uste du diagnostiko komun bakarra izatea "oinarria" dela etorkizunerako osasun-sistema egoki bat lortzeko, eta, beraz, "ikuspegi bateratua eta irekia" izan nahi dute, parte-hartzaile guztiek ekarpenak egin ditzaten.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Martinezek bereizi egin nahi izan ditu Osakidetzan epe laburrean egin beharreko hobekuntzak eta itunean adostuko dena. Argi utzi du departamentuak Osasun zentroetarako irisgarritasunean eta espezialitateetako itxaron-zerrendak murrizten egunez egun lanean jarraituko dutela ziurtatu du.
Ildo horretan, uste du bere helburua dela lehen mailako arretan hitzordua 48 ordutan edo gutxiagotan lortu ahal izatea eta hitzordua aurrez aurrekoa izatea, pazienteak telefonoz egitea eskatzen duenean izan ezik.
Arreta jarri nahi den beste alderdietako bat zentro horietako profesionalen jarraikortasuna da. Onartu du hainbat zentrotan medikuak luzaroan mantentzea zaila izaten dela eta hori sustatu behar dutela uste du.
Martinezek profesionalen eskasia dagoela aitortu du, batez ere lehen mailako arretan. "Diagnostikoaren elementu nagusietako bat lehen mailako arreta indartzea izango da", esan du; baina 3 edo 4 urte igaro arte ezin izango dela burutu onartu du.
Defizit horren arrazoien artean aipatu ditu krisi ekonomikoaren garaian BAME plazak (gaztelaniaz, MIR) murriztu izana, familiako medikuen espezialitatea urtebetez luzatu izana (beraz, urte batean ez zen profesionalik atera) eta espezialitate hori profesionalentzat erakargarria ez izatea, "gizartea, oro har, superespezializazioaren balorazio handiagoa egiten tematu delako".
Osakidetzako hizkuntza-eskakizunei buruz galdetuta, sailburuak argi utzi nahi izan du pazientearen eskubideen eta langilearen eskubideen arteko konfrontazioa saihestu nahi duela. "Enpatiak sendatu egiten du eta hizkuntzak gizatiartu egiten du", esan du. "Paziente batek, gaixotasun bat bezalako ahultasun-une batean, bere sentimenduak, emozioak eta sintomak bere hizkuntzan adierazteko aukera izan dezala bermatu behar dugu. Hori osasuna da", amaitu du.