Gizartea -
Eguraldia
Haize denboralea baretzen hasi da
Tenperaturak zazpi gradu jaitsiko dira gaur, baina, hala ere, bero egingo du oraindik.
Erredakzioa
Haize denboralea baretzen hasi da gaur goizean, goizaldean Matxitxakon boladak 120 km/h arte iritsi eta gero.
Haizearen ondorioz, atzo hiru hegaldi bertan behera utzi zituzten Loiuko aireportuan, eta beste hiru ezin izan ziren bertan lurreratu.
Halaber, Bilboko Casilda Iturrizar parkean AEBetako bi turista arin zauritu ziren, zuhaitz bat erorita.
Ertzaintzak arretaz gidatzea gomendatu du, errepidean adarrak edota beste tankera bateko oztopoak egon litezkeelako.
Astelehena bitan banatuta datorkigu. Goizean haizeak oso zakar joko du, goizaldean hego-mendebaldetik eta gero mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik. Ufada gogorrenak toki babesgabeetan espero dira. Gainera, zerua oso hodeitsu egongo da, eta euria egingo du, goizaldean eta goizean goiz bereziki. Arratsaldean, aldiz, ostarte handiak irekiko dira, eta haizea ahuldu egingo da, nabarmen. Tenperatura maximoak igandekoak baino 7 gradu baxuagoak izango dira. Hala ere, termometroak 24 ºCren bueltan izango dira.
Asteartean, giro aldakorra espero dugu. Goizean, zerua argiago egongo da eta ateri eutsiko dio. Arratsaldean, zerua estalita geratuko da eta euria egingo du; oro har, euri txikia egingo du, baina hainbat puntutan indar handiagoz botako du tarteka. Tenperatura maximoak 22-24 graduren bueltan geratuko dira.