Gizartea -
Eguraldia
Eguzkitatik euritara joko du eta atzera egonkortzera egin, aste honetan zehar
Eguzkia, lainoak eta euria, goiz fresko eta eguerdi epelak... Asteazken bustiaz aparte, udazkeneko egun goxoak datoz aste honetarako. Aldakor ibiliko da zerua, baina ez da muturreko fenomenorik izango.
EITB
Datorren asteak denetarik utziko digu meteorologiari dagokionez, astelehen eguzkitsu baten ostean pare bat egun busti etorriko baitira eta gero atzera egonkortzera egingo baitu.
Astelehenean, irailaren 30ean, eguraldi egonkorrarekin jarraituko dugu, aldaketa txiki batzuekin kostalde inguruan, bertan hodei gehiago agertuko baitira. Giroa eguzkitsua izango, oro har, eta egunaren bigarren partean isurialde atlantikoan behe-hodeiak agertuko dira tarteka.
Hasieran, hegoaldeko haize suabea ibiliko da, baina goizean ipar-mendebaldera egingo du kostaldean, eta eguerditik aurrera barnealdeko gainerako lekuetan. Ondorioz, kostaldeko tenperatura maximoak igandekoak baino zertxobait baxuagoak izango dira; barnealdean, aldiz, antzeko balioekin jarraituko dugu edo baliteke pixka bat igotzea.
Hiriburuetan, Baionan 13 gradu espero dira gutxienez eta 22 gehienez, Bilbon 14 gutxienez eta 23 gehienez, Donostian 12 gutxienez eta 23 gehienez, Gasteizen 8 gutxienez eta 25 gehienez, eta Iruñean 9 gutxienez eta 24 gehienez.
Asteartean, egunak aurrera egin ahala, ezegonkortzera egingo du eguraldiak. Goizaldean eta goizeko lehen orduetan, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko dira, eta tenperatura epela izango da hegoaldeko haizearen eraginez, baina aurreko egunetakoak baino baxuagoak, edonola ere.
Eguerditik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera joko du eta zakartu egingo da, eta zerua estali eta euritara joko du. Arratsalde erditik aurrera, euria txoko guztietara zabalduko da.
Asteazkena izango da egunik bustiena, eta tenperaturak behera egingo du, ipar-mendebaldeko haizea sartuko delako. Lainotuta egongo da egunaren lehen partean, eta zaparradak botako ditu tarteka. Egunak aurrera egin ahala, ordea, euria denera iritsiko da, fronte umel bat sartuko baita mendebaldetik ekialderantz.
Ostegunetik aurrera, eguraldi egonkorragoa iragarri dute adituek.