Gizartea -

Tiroketa Barakaldon

Ertzaintzak zazpi pertsona atxilotu ditu, Barakaldoko tiroketarekin zerikusia dutelakoan

Atxilotuen etxebizitzak ere miatu dituzte. Gainera, zortzigarren pertsona bat atxilotu dute agintaritzari desobeditzeagatik, baina ondoren askatu dute. Tentsioa handia da Burtzeña auzoan, hildako bat eta bi zauritu eragin zituen tiroketaren ondoren.

Ertzaintzaren hainbat agente, gertakariaren lekuan. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren hainbat agente, gertakariaren lekuan. Argazkia: EFE
Ertzaintzak Barakaldoko tiroketan atxilotutako zazpi lagunen etxebizitzak miatu ditu

0:31

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak zazpi pertsona —30 eta 58 urte bitarteko bost gizon eta bi emakume— atxilotu ditu Barakaldoko tiroketan nahastuta daudelakoan, Segurtasun Saileko iturriek EITB Mediari jakinarazi diotenez.

Arratsaldean zehar, gainera, atxilotuen etxebizitzak miatu dituzte, haietako batzuk bertan zirela. Guztiak Burtzeñako auzotarrak ziren, tiroketa izan azokoak, eta Poliziak agente ugari bidali ditu bertara, giroa bare mantentzeko ahaleginean.

Halaber, zortzigarren pertsona bat ere (gizonezkoa) hartu dute atxilo Gurutzetako Ospitalean, agintaritzari desobeditzea egotzita. Izapideak amaitu ondoren, ordea, aske utzi dute.

Liskarra atzo jazo zen, Burtzeña auzoko Zubileta kalean, 16:20ak inguruan, eta pertsona bat hil eta bi zauritu ziren suzko armekin izandako borrokan. Atxiloketak ere atzo egin zituen Ertzaintzak, nahiz eta Segurtasun Sailak gaur jakinarazi dituen.

Poliziak dispositibo zabala du ezarria gertakarien lekuan, eta igande arratsaldean bezala, astelehenean ere tentsio uneak izan dira. Eguerdi aldera, hildako gizonaren senitartekoak kotxez heldu dira, eta, une batean, agenteek egindako hesia apurtu dute eta ustezko egileen kontrako oihu eta mehatxuak egin dituzte. 

Tiroketa izan zen auzoaz gain, Gurutzetako Ospitalea ere zaintzapean du Ertzaintzak, han jarraitzen dute-eta tiroketan zauritutako bi pertsonak —tartean adingabe bat dago—. 

Ertzaintza probak biltzen. Argazkia: EFE

Ertzaintza probak biltzen. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gurutzetako ospitalea