Gizartea -
Haur pornografia
27 pertsona atxilotuta Espainian, haur pornografia partekatzeagatik
Guardia Zibilak Espainiako hainbat probintziatan egin ditu miaketak, Nafarroan eta Bizkaian, besteak beste.
Erredakzioa
Guardia Zibilak 27 pertsona atxilotu ditu Espainiako hamaika probintziatan, Bizkaian eta Nafarroan besteak beste, eta beste bederatzi laguni haur pornografia partekatzea egotzi diete. Orotara, hiru polizia operazio egin dira Espainia guztian zehar.
“Astillas”, “Mandarina” eta “Akai” polizia operazioetan ia milioi bat artxibo atzeman dituzte, eta baita ordenagailuak, disko gogorrak eta dvd-ak ere, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
"Astillas" operazioa
“Astillas” operazioaren baitan 17 pertsona atxilotu dituzte, material pedofiloa edukitzea, erakustea eta Internet bidez banatzea egotzita. Guztira, 19 etxe miatu ditu Poliziak, horien artean Bilbon eta Nafarroako Aibar herrian, eta baita Burgos, Cadiz, Ciudad Real, Bartzelona, Girona, Kanaria Handia, Madril, Murtzia eta Tenerife probintziatan. Miaketa horietan 116 disko gogor, ordenagailu eramangarri bat, ordenagailu bat eta 500.000 argazki eta bideo baino gehiago atzeman ditu Poliziak.
"Mandarina" operazioa
“Mandarina” operazioan 7 pertsona atxilotu eta beste 6 inputatu ditu Poliziak Espainiako zortzi probintziatan, haur pornografiako bideoak eta argazkiak banatzea egotzita.
14 etxe-miaketa egin ditu Poliziak 14 probintziatan, besteak beste, Bizkaian, Coruñan, Bartzelonan, Caceresen, Kanaria Handian, Tenerifen, Madrilen eta Malagan. Ordenagailu eramangarriak, ordenagailuak, disko gogorrak, dvd-ak eta USB memoriak atzeman dituzte, eta horietan urte gutxiko haurrak agertzen ziren.
"Akai" operazioa
“Akai” operazioan bestalde, 3 pertsona atxilotu eta beste 3 inputatu dituzte Espainiako lau probintziatan haur pornografiarekin erlazionatutako bideoak eta argazkiak banatzea leporatuta.
Ustezko sei pedofiloak atxilotu ostean, Poliziak horien Bartzelonako, Ibizako, Cadizeko eta Albaceteko etxeak miatu zituen, eta ordenagailu eramangarriak, ordenagailuak, disko gogorrak eta bestelako material informatikoa atzeman zituen.