Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Getxon emazte ohiari sexu-erasoa egiteagatik
Emakumea sexu-harremanak izatera behartzen saiatu zen eta gero, sakelako telefonoa kendu zion, eta bazter batean utzi zuen.
Erredakzioa
Ertzaintzak 45 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Getxon emazte ohiari sexu-erasoa egitea leporatuta.
Plentziako Gurutze Gorriak eman zion abisua Ertzaintzari, emakume batek bikotekide ohiaren sexu-erasoa salatu zuela ohartaraziz. Ertzainak bertaratu ziren orduan eta biktimarekin jarri ziren harremanetan. Biktimak azaldu zienez, senar ohiak autoan sartzera behartu zuen eta Bakioko begiratokitik gertu dagoen bazter batera eraman zuen. Han, emakumea sexu-harremanak izatera behartzen saiatu zen.
Borrokaldi baten ondoren, biktimaren jarrera ikusita, gizonak bazter horretan utzi zuen emakumea, sakelako telefonorik gabe, Ertzaintzari dei ez ziezaion.
Emakumeak kolpeak zituen gorputzean, eta ingurutik igaro zen auto bati esker iritsi zen Plentziara. Handik, Gurutze Gorriaren egoitzatik, ospitalera eraman zuten.
Era berean, duela egun batzuk gizonak bortxatu egin zuela salatu zuen.
Emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen arretarako telefonoa: 900 840 111 - 016