Gizartea -

Buruaz beste egin du

Hil egin da Albaceteko ustezko hiltzailea, buruan tiro bat eman ostean

Guardia Zibila harekin ari zen negoziatzen, hilketa gertatu zen lekutik kilometro batera. Inguratuta zuten eta modu baketsuan entregatzea nahi zuten. Hark, baina, tiro bat eman du buruan.

Albaceteko ustezko hiltzailea bere buruari tiro eginda hil da

01:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere buruaz beste egin du El Salobraleko (Albacete) ustezko hiltzaileak. Barne Ministerioak iragarri duenez, Juan Carlos Alfarok tiro bat eman du buruan, eta, hasiera batean larri zauritu bada ere, azkenean hil egin da, Guardia Zibilak baieztatu dionez.

Klinikoki hilda iritsi da Albaceteko erietxera Alfaro. Suspertzen saiatu dira, baina, azkenik, zendu egin da, zauri larrien ondorioz.

Negoziazio luzea

08:15ean aurkitu dute ustezko hiltzailea, familiak lursail batean zuen txabola batean. Guardia Zibilak azaldu duenez, sei bat ordu egin dituzte Guardia Zibila berak eta haren aitak ustezko hiltzailearekin negoziatzen, modu baketsuan entrega zedin. Azkenean txabolatik irten da Alfaro, ''itxuraz'' bere burua entregatzeko. ''Baina, pistola zeraman eskuan, eta azkenean tiro bat eman dio bere buruari'', azaldu du Guardia Zibileko kapitainak.

Bi hilketa

Larunbatean izan zen hilketa bikoitza. 39 urteko ustezko hiltzaileak tiro egin zion neska adingabe bati eta hil egin zuen. Gero, erasotzailea etxera joan zen beste arma baten bila, eta kalean zeuden 40 eta 46 urteko bi gizonezkori egin zien tiro. Lehenengoa hil egin zuen eta bigarrena ukalondoan zaurituta eraman zuten ospitalera.

Ehunka herritarrek azken agurra eman diote astelehen honetan larunbatean hildako adingabeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea