Gizartea -

Urteurrena

'Prestige' ontziaren marea beltza, 10 urteren ostean

Justizia "Prestige" ontziaren auzia epaitzen hasi da, hondamendia gertatu eta hamar urtera. Orain, elkarte ekologistek eta kaltedunek erantzukizunak eskatu dituzte.

El casco del petrolero "Prestige" partido en dos hace diez años. Foto: EFE
El casco del petrolero "Prestige" partido en dos hace diez años. Foto: EFE
10 urteren ondoren, Prestigen arrastoak geratzen dira Galiziako kostaldean

01:36

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2002ko azaroaren 13an, Galiziako itsasalde osoa petrolio marea beltz batek estalita utzi zuen hondamendi baten lekuko izan zen Coruñako kostaldea. Marea beltza Asturiasera, Kantabriara, Euskadira eta Frantziara ere iritsi zen. Orain, hondamendia gertatu eta hamar urtera, azkenean, martxan jarri dute petrolio-ontziaren isuriaren inguruko epaiketa erraldoia, Galiziako justiziaren historian inoiz izan den handiena. Prozesuak 133 lekuko, 2.128 alde, 98 peritu, 51 abokatu eta 21 prokuradore izango ditu.

 Hondamendi horretan, 115.000 eta 230.000 hegazti bitartean hil ziren, eta, dagoeneko gainditu egin diren arren, kalteak ikaragarriak izan ziren. Elkarte ekologistek araudiak oraindik ere hutsuneak dituela salatu dute, eta, Greenpeacek bere azken txostenean adierazi duenez, "berriz gerta liteke gauza bera". 2013ko irailera arte ez dute epairik emango. 

"Prestige" krosko bakarreko ontzia zen, eta 77.000 tona petrolio zeramatzan. Zama kantauriar erlaitzean bota zuenean, munduko itsaski-banku garrantzitsuenak suntsitu zituen. Hondamendiak inoiz gizarte zibilak emandako erantzunik esanguratsuenetako bat ere eragin zuen Espainian. Horrela, mundu osoko boluntarioak iritsi ziren hondartzetatik petrolioa kentzeko. Oraindik gogoan ditugu Costa da Morten marea beltzaren aurka borrokan aritu ziren arrantzaleak

Marea beltza, euskal kostaldean

Euskadira, azaroaren amaiera aldera iritsi ziren "Prestige" ontziak isuritako petrolioaren lehen arrastoak; Gorrondoatx hondartzan (Bizkaia) agertu ziren. Hala ere, abenduaren erdira arte ez zituzten lehenengoz ikusi Bilbo eta Matxitxako artean. Petrolio orbanak oso sakabanatuta iritsi ziren, eta garbiketa lanak oso zailak izan ziren. Ondorengo egunetan, garbiketa taldeak (12 arrantza ontzi) hamabi tona jaso zituen egunean.

Urtarrilean, petrolio gehiago iristen hasi zen. Kalterik handiena Bizkaiko kostaldean izan zen. Hala ere, otsailetik aurrera nabaritu zen batik bat. Otsailaren 6an, orban ugari agertu ziren euskal uretan, eta egunean 2.000 tona jaso ziren.

Epaiketa, martxan

"Prestige" ontziaren auziko epaiketa urrian hasi zen, eta ikerketak 260.000 orrialde ditu. Epaiketan aztertuko den gauzarik garrantzitsuenetako bat ontzia kostaldetik aldentzea erabaki zuzena izan ote zen izango da.

Auziaren lehen fasean, Fiskaltzak 4.000 milioi euroko ordain-sariak eskatu zituen, hasiera batean eskatu zuena baino gehiago. Eskakizuna Santiagoko Unibertsitatearen ikerketa batean oinarritua dago. Fiskaltzaren aburuz, "ingurumenari egindako kalteen ebaluazioaren inguruan mundu mailan egindako txosten zabalenetakoa da", eta petrolio isuriaren kalteak 4.121,64 milioi euroan zenbatu ditu (Espainian eragindako kalteak eta Frantziari ordaindu beharrekoak gehituta).

Epaiketaren bigarren fasea azaroaren 13an hasi da, eta hauek eseri dira akusatuen aulkian: Apostolos Manguras kapitaina (77 urteko greziarra. Fiskaltzak 12 urteko espetxe zigorra eskatu du horrentzat, besteak beste ingurumenaren aurkako atentatua egitea egotzita); Ireneo Maloto lehen ofiziala (egun desagertuta dago); Nikolaos Argyropoulos makina-arloko burua, eta Jose Luis Lopez-Sors Merkataritza Nabigazioko zuzendari ohia, petrolio-ontzia sei egunez noraezean edukitzea egotzita. Nunca Mais plataformaren abokatuak bost urteko kartzela zigorra eskatu du Lopez-Sorsentzat. Gainerako akusatuei dagokienez, Fiskaltzak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du kapitainarentzat, eta lau beste alde batzuentzat.

Horrez gain, The London Steam-Ship Owners Mutual Insurance Association Limited aseguru-etxeari eta Kalteen Ordainsarirako Nazioarteko Funtsari arduradun zibilak izatea egotzi diete, hidrokarburoarekin kutsatzeagatik. Mare Shipping Inc eta Universe Maritime Ltd ontzi-enpresak eta Espainiako Estatua ere erantzule zibil ordezkatzaile gisa inputatu dituzte.

Fiskaltzak aurkeztu duenaz gain, 1.500 erakunde publiko, elkarte, arrantzale kofradia, enpresa pribatu eta pertsona ordezkatzen dituzten beste 51 akusazio egin dituzte epaiketan, dauden akusatuen aurka.

Krisiaren kudeaketa

Horren alde egin dute behintzat Greenpeace eta Nunca Mais elkarteek. Hala ere, akusatuen eserlekuan "benetako" arduradunak esertzen ez dituzten bitartean horrelakorik lortuko ez dutela esan dute, eta, "krisia txarto kudeatu zutelako", hondamendiaren erantzule nagusiak Jose Maria Aznarren Gobernuko hainbat kargudun direla uste dute.

Juan Luis Pia auzitegiaren presidenteak, hortaz, krisiaren kudeaketa egokia egin zen erabaki beharko du. Hau da, irtenbiderik onena ontzia babeserako portu batera eramatea edo, Espainiako Estatuak egin zuen modura, kostaldetik urruntzea zen erabaki beharko du.

Legediaren hutsuneak

krosko bakarreko ontziak ordezkatzen hasi ziren Europan,

Hondamendia gertatu eta hamar urtera, oraindik ere marea beltzak ekiditeko esfortzurik egiten ez dela salatu du elkarte ekologistak. Duela gutxi, Greenpeace taldeko aktibistek Bilboko uretan "Searacer" petrolio-ontzia ikusi zutela salatu zuten. Dirudienez, ontziak Maltako komenentziako pabiloia du, Liberian erregistratuta dago, Bermudako aseguratzailea du eta enpresa sailkatzailea ABS da, "Prestige" ontziaz arduratu zen berbera.

"Prestige"ren ingurukoa bezalakoak ekiditeko, "kutsaduraren aurkako protokolo argiak sortzeko politika aldatu egin behar da", ekologisten ustez. Horregatik, Greenpeacek horrelako hondamendietarako planak sortzea eta "araudian aldaketak" egitea eskatu du; izan ere, itsasoko legeek petrolioaren industria babesten dute, eta ez dituzte erantzukizun ekonomikoak, legalak eta politikoak argitzen. Horrez gain, "erantzukizunaren printzipio" mugatua ezarri behar dela uste du taldeak, eta Europar Batasunak Europako portuetan debekatu zituen arren oraindik ere nabigatzen ari diren krosko bakarreko ontziak debekatzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea