Gizartea -

Ebakuntza egin zioten Bostonen

Unax etxean da dagoeneko

Leioako umea gaur goizean iritsi da Loiuko aireportura, irailean AEBetan hil edo biziko ebakuntza egin eta gero.

Unax txikia, gaur goizean Loiuko aireportuan. Argazkia: "Somos complices" saioa/Facebook
Unax txikia, gaur goizean Loiuko aireportuan. Argazkia: "Somos complices" saioa/Facebook
Unax etxera itzuli da

00:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unax Cañibano, sendaezina zirudien gaixotasun arraroa zuen eta Bostonen (AEB) ebakuntza egin zioten Leioako (Bizkaia) 8 urteko umea, etxean da dagoeneko. Hain zuzen ere, gaur goizean iritsi da Loiuko aireportura, asteartean senda-agiria jaso eta gero.

Unaxen kasuak hunkitu egin zuen euskal gizartea, eta elkartasun-uholdea ekarri zuen, Boston Children's Hospital zentroaren tratamendu garestia ordaindu ahal izateko.

"Gogo handiak genituen gaurko eguna heltzeko, egun zoriontsua da senideentzat, lagunentzat eta Unaxen kasua bere egin duten pertsona guztientzat", adierazi du haren osabak, Aitor Cañibanok, Radio Euskadiko mikrofonoetan.

Aitorrek azaldu duenez, ebakuntza "arrakastatsua" izan zen, baina horren ostean hainbat arazo sortu zitzaizkion, hala nola pneumonia bat eta gastroenteritis bat. "Pneumoniak arrasto txikiak utzi dizkio, baina arazo nagusia konponduta dago eta askoz hobeto dago, beste bat dela dirudi".

Horren osabak eskertu egin du herritarren, pertsonaia ospetsuen eta hedabideen elkartasuna, eta denen ekarpenei esker, tratamendua "gutxi gorabehera" ordaintzeko beste dutela gaineratu du. Faktura espero baino garestiagoa izango da, "230.000-240.000 euro ingurukoa", hasieran 200.000 euro aurrez ikusi bazuten ere.

"Orain, Gabon zoriontsuak izatea espero dugu, tragedia noiznahi jazo daitekeen beldurrik gabe", txalotu du.

Jaio zenetik borroka egiten

Lehen osasun arazoak bi eguneko jaioberria baino ez zenean etorri zitzaizkion Unaxi.

Gurutzetako Ospitaleko eraizain batek zerbait arraro sumatu zion, eta hainbat azterketa egin eta gero, "birika atresia motako kardiopatia konplexua" izeneko gaixotasun larria antzeman zioten.

Unaxi hil edo biziko ebakuntza egin zioten, baina arrakastatsua izan zen. Dena dela, bere lehen urte eta erdia ospitaleratuta eman zuen. Hasieran, hiru urteko bizi-itxaropena eman zioten, baina, azkenean, hainbat urtez borroka egin eta gero, Bostonen ebakuntza egiteko aukera sortu zitzaion.

Diru ekarpenak egin nahi dituzten pertsonek BBKren hurrengo kontu-korrontean egin dezakete:

2095-0047-80-9107252522 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea