Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Genero indarkeriaren 4.194 kasu egon dira EAEn urrira arte
Aurreko urteko aldi berarekin konparatuta, 149 kasu gehiago egon dira. Bruselaren datuen arabera, Europako bost emakumetatik batek tratu txarrak pairatu ditu.
Erredakzioa
2012ko urrira arte emakumeen aurkako indarkeriaren 4.194 kasu egon dira EAEn, aurreko urteko aldi bera kontutan hartuta, 149 kasu gehiago.
Hala ere, Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendariak azaldu duenez, datuek "pribatuko arazoa izateari utzi diola" erakusten dutela esan du: "geroz eta emakume gehiagok salatzen dutelako".
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezpera dela eta argitaratutako ohar batean, kasuen % 80an erasotzaileak bikotekideak edo bikotekide ohiak dira.
Arazoarekin amaitzeko neurrien artean, 2012ko azaroaren 19a bitartean, bizkartzaina duten emakumeen kopurua 60koa da; 26 erasotzailek eta biktimek eskumuturreko elektronikoa dute; eta 784 emakumek Ertzaintzak emandako babeserako telefono mugikorra dute.
Gizartearen zati batean "gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak oso sustraituta" daudela salatu du eta "horren erakusle bortitzena genero indarkeria da".
Bere iritziz, 30 urte baino gutxiago duten emakumeen artean "indarkeria kasu asko daude" eta horrek "gazteriaren artean berdintasunaren baloreak errotuta ez daudela" erakusten du. Hori dela eta, "harreman askeagoak, berdinagoak eta errealagoak eratzeko" lan egitearen alde azaldu da.
10 emakumetatik batek sexu-jazarpena jasan du Europan
Hamar emakumetatik batek sexu-jazarpena jasan du eta bostetik batek tratu txarrak pairatu ditu Europan, Viviane Reding Europako Batzordeko presidenteorde eta Justizia arduradunak esan duenez.
Testuinguru horretan, Europar Batasuna arazoarekin amaitzeko lanetan ari dela esan du eta biktimen eskubideak babesteko lege bat aipatu du, Batasuneko estatu guztiek gutxienezko arau batzuk bermatzeko.
Herrialdeek araudi berria lehenbailehen ezartzea nahi du eta laster, Europako Babes Araudian akordio batera iristea espero du, indarkeriaren biktima izan diren emakumeen babesa bermatzeko.