Etxegabetzeak -
Espainian dauden ekuadortarrei
Etxegabetzeen 'gehiegikeriei aurre egiteko' eskatu du Correak
Espainian bizi diren ekuadortarrei matxinatzeko eskatu die Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak eta bankuek jarritako klausulak kritikatu ditu.
Erredakzioa
Espainian bizi diren ekuadortarrei etxegabetzeen 'gehiegikeriei aurre egiteko' eskatu die Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak, finantza entitateek hipotekak ordaindu ezin dituztenekiko "abusu kriminalak" egiten dituztela iritzita.
"Familiak etxerik gabe gelditzen dira, eta hori gutxi balitz, bizi osorako zorrarekin gainera", esan du Correak.
Bankuen "gehiegizko klausulak" eta bezero askok "kontratuak irakurri gabe sinatu dituztela" kritikatu du. Horren harira, Europako araudiaren kontrakoa dela esan du; "gizakien aurkako finantza erakundeen abusu kriminala da".
Ekuadorrek Espainian duen enbaxadaren arabera, 15.000 ekuadortar daude hipotekei aurre egin ezinik.
Espainian eta Europako beste herrialdeetan krisia pairatzen ari direnei "aurre egiteko" eskatu die presidenteak, "gizartean herritarrek agintzen" dutela gogorarazteko, ez "finantza kapitalak", azpimarratu du.