Gizartea -
Polemika
Frantziako Gobernuak bertan behera utzi dezake etilometroaren legea
Oraindik zaila da etilometroak aurkitzea, eta Poliziak esan du martxoa arte ez duela isunik jarriko. Baina agian orduan ere ez da zigorrik izango. Etilometroaren auzia polemika iturri da Frantzian.
Erredakzioa
Frantziako legearen arabera, etilometroa derrigorrezkoa da auto guztietan iragan uztailetik, baina hasiera-hasieratik etilometroak agortu egin zire botikatan eta supermerkatuetan, eta herritarrek zailtasun handiak izan dituzte aurkitu eta erosteko.
Hasiera batean, eta zailtasun horiei erantzuna emateko, Poliziak iragarri zuen azaroa arte ez zuela isunik jarriko.
Azaroa iritsi zen, eta alkoholimetroak aurkitzeko arazoek ez dute hobera egin. Ondorioz, isunen kontua 2013ko martxoa arte atzeratzea erabaki du Poliziak. Baina agian orduan ere ez da isunik izango, Frantziako Gobernuak neurria bertan behera uztea aztertzen ari baita.
Baina arazo bat dago: Frantzian erabili eta botatzeko etilometroa erosi duten askok bigarren gauza hori, botatzea, baino ez dute egingo.
Sarkozyk bultzatutako legea
Etilometroaren derrigortasuna Sarkozyren Gobernuaren erabakia izan zen, eta Hollanderenak ez du neurri batere atsegin. Aurkarien hitzetan, alkoholarekin lotutako istripuetan gidariek baimendutakoa baino askoz gehiago edan dute, eta ez dute etilometroaren beharrik gidatzeko moduan ez daudela jakiteko.
Hala ere, askorentzat ez da egokia legea bertan behera gelditzea, segurtasun politikari sinesgarritasuna kentzen diolako eta askoz hobea delako denbora apur bat itxoitea legearen ondorioak zeintzuk diren ikusteko.