Gizartea -
Elkarrizketa
Goirizelaia: 'Ikasleek errektorearen lana urrun ikusten dute'
Bozen emaitza "ederra" dela esan du errektoreak baina ikasleen parte-hartze eskasa nabarmendu du.
Erredakzioa
Iñaki Goirizelaia EHUko errektore hautatu dute berriro bozen % 55,16 lortuta. Parte-hartzea hala ere txikia izan da, % 10, "hautagai bakarra izateak ondorio hori ekarri du", esan du errektoreak eta ikasleen parte-hartze txikia nabarmendu du Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. "Beti izan da eskasa, baina oraingoan beherakada handia izan da", adierazi du, % 3ko parte-hartzea izan baita ikasleen artean.
"Errektoreak egiten duen lana urrun ikuste dute eta beharbada, hori landu behar dugu", onartu du Goirizelaiak. Ildo honetan, "parte hartze plana martxan jarri dugu ikasleei begira", azaldu du.
"Emaitza ona da", Goirizelaiaren iritziz, "abstentzioa ez da ona, baina emandako botoak kontuan hartuta, emaitza ederra da".
Lantaldearen perfila "oso orekatua da", errektorearen iritziz, "irakasle eta ikerlari onak daude eta kudeaketa lanetan eskarmentu handia dutenak. Gainera, unibertsitatean dauden sentsibilitate guztiak kontuan hartzen dituen taldea da".
Wert Espainiako Hezkuntza ministroak egungo unibertsitateen egoera kritikatu bazuen ere, azken 30 urteetan EHUk 350.000 lagun formatu dituela nabarmendu du errektoreak eta PPren Gobernuak ezarritako "neurriek duten eragina murrizteko lan egingo" dutela adierazi du.
Beste unibertsitate batzuekin alderatua, EHU egoera hobean dagoela uste du eta 2014a bitartean finantziazioa bermaturik dagoela ziurtatu du. "Ez dut une honetan finantziazioaren inguruko kezkarik".
Azkenik, Eguberritako soldatak emango direla azpimarratu du, "une honetan gure eskuetan behar ditugun tresnak ditugu abenduko ordainketa ez murrizteko.", ondorioztatu du.