Saretzen -

Saretzen

Nola aldatu da Bizkaia 20 urtean?

Portzentualki gutxien hazi den lurraldea da Bizkaia, nahiz eta, oraindik ere, Hego Euskal Herriko lurralderik populatuena izaten jarraitu. Biztanleria handiko hiru gune biltzen ditu, Barakaldo, Bilbo eta Getxo, baina, horietatik, lehenengoak bakarrik handitu du bere biztanleria.

Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media
Saretzen. Irudia: EITB Media

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabak eta Nafarroak ez bezala, Bizkaiak hazkunde txikia izan du azken bi hamarkadetan, % 2 eskasekoa. Igoera txikia izan bada ere, Hego Euskal Herriko lurralderik populatuena izaten jarraitzen du, 1,1 milioi pertsona baino gehiagorekin. Kontuak horrela, iaz, 2021ean, orain 20 urte baino 21.943 biztanle gehiago bizi zen Bizkaian.

Lurralde horretan, bilakaera demografikoak bestelako bide bat hartu du 2001etik 2021era gainontzeko lurraldeekin alderatuta; izan ere, tokiko hiriburuak eta horren metropoli-inguruak, orokorrean, auzokideak galdu dituzte, inguruko eskualdeen mesederako. Are gehiago, herritarrak galdu dituen hiriburu bakarra da Bilbo Hego Euskal Herrian, eta, horren inguruko hainbat udalerrik ere joera bera bizi izan dute, hala nola Portugaletek, Sestaok, Basaurik eta Getxok. Halere, nabarmendu beharra dago Leioa eta Etxebarri udalerriak, Bilbo Handiaren barruan daudenak, izan direla Bizkaian auzokide berri gehien batu dituztenak.

Kontrako aldean, badira nabarmen handitu diren eskualdeak, hala nola Durangaldea, eta, bereziki, Plentzia-Mungia ingurua. Horietan, Sopela, Durango, Mungia, Urduliz eta Amorebieta-Etxano dira bizilagun gehien erakarri dituzten udalerriak. Ehunekoei begira, baina, Arakaldo, Gizaburuaga eta Etxebarri izan dira gehien handitu direnak; horietako lehenengoak, esaterako, populazioa bikoiztu du.

Bizkaitarren erradiografia

Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeak bezala, Bizkaia nabarmen zaharkitu da, 60 urtetik gorako populazioa % 32 handituta. Areago, Bizkaia da adin tarte horretako populazio kopururik handiena duen lurraldea: 368.118 gizon-emakume; biztanleria osoaren % 32,17, hain zuzen ere. Baina, alde handirik al dago eskualdeen arabera? Bada, Lea-Artibain, populazioaren % 33,48 da hirugarren adinekoa; Plentzia-Mungian, aldiz, % 26,6 da adin-tarte horretakoa, eta, gainera, bertan dago biztanleriarik gazteena, guztizkoaren % 20.

Udalerriei dagokienez, Atxondo, Mungia eta Sopela ziren gazte-portzentajerik handiena zutenak orain 20 urte; 2021ean, aldiz, Etxebarrik, Fruizek eta Garaik dute, portzentajeei dagokienez, auzokide gazte gehien. Kontrako aldean, Errigoiti, Ibarrangelu eta Lanestosa zituzten 2001ean herrikide zahar gehien, auzokide guztien % 40aren bueltan; orain, aldiz, Elantxobe, Lanestosa eta Sukarrieta dira herri zaharkituenak.

Jaiotzek ez dute heriotzek eragindako galera demografikoa iraultzen

Bizkaian, gainontzeko lurraldeetan ez bezala, 20 urteotan ia beti egon da jaiotza baino heriotza gehiago. Urte bakarrean lortu zen % 100aren erreleboa, 2008an; hala ere, ordutik, jaiotza-kopuruak behera egin du etengabe lurralde horretan.

Eskualdez eskualde, joera hori errepikatzen da, Durangaldean eta Plentzia-Mungian izan ezik; horietan, jaiotzen eta heriotzen arteko balantzea positiboa izan da ia beti, 2017 eta 2019ra arte, hurrenez hurren. Ordutik aurrera, saldoa irauli egin zen bi eskualdeetan.

Beraz, heriotzak jaiotzak baino gehiago izan badira ia bi hamarkadotan, zerk eragin du biztanleriaren hazkundea?

Aurreko galdera horri erantzuteko, migrazio-fluxuak aztertu behar ditugu, eta, hori eginda, ikus daiteke ia-ia eskualde guztietan kanpotik etorritako jende gehiago dagoela alde egiten duena baino. Hau da, immigrazio gehiago dago emigrazioa baino, eta, ondorioz, urtez urte jende gehiago bizi da Bizkaian. Hala ere, Durangaldean, Enkarterrietan eta Plentzia-Mungian kontrakoa gertatzen da, 2001tik 2021era jende gehiagok utzi baititu eskualdeotako udalerriak horietan ezarri direnak baino.

Eta, herriz herri? Zelakoa izan da bilakaera? Gizaburuaga (% 14,08), Izurtza (% 13,39) eta Loiu (% 10,45) izan dira kanpoko auzokide gehien batu dituztenak azkenengo urtean. Hala ere, datu absolutuetan, Bilbon, Barakaldon eta Getxon ezarri dira kanpotar gehien 2021ean, 15.665, 4.496 eta 3.676 pertsona, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Bizkaiko albisteak EAE albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa