Mundua -
Italia
Mario Monti Italiako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du
Montiren dimisioa Gobernu teknokratan hamahiru hilabete eman ostean izan da. Herrialdearen finantzak eta ekonomia bideratzeko izendatu zuten.
Erredakzioa
Mario Monti Italiako lehen ministroak Gobernuburu moduan dimisioa aurkeztu du, Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako presidentearen aurrean, hamahiru hilabete Gobernu teknokratan eman ostean. Herrialdearen finantzak eta ekonomia bideratzeko izendatu zuten.
Errepublikako Presidentetzak jakitera eman duenez, Montik ostiral honetan formalizatu du bere dimisioa, abenduaren 8an jakinarazi baitzion Napolitanori berria, Silvio Berlusconi aurrekoak Gobernu teknokrataren esperientzia (2011ko azaroan iritsi zen boterera) amaitutzat eman ostean.
Napolitanok 19:00etan egin dio harrera Montiri, Quirinaleko Jauregian. Presidenteak lehen ministroaren "dimisioa onartu" du, eta Gobernua jardunean mantentzeko eskatu du, hauteskundeak izan arte.
Presidentetzak azaldu duenez, Napolitanok larunbat honetan hasiko du alderdi ezberdinekin bilera-sorta, eta horietatik irtengo da hauteskundeetarako data. Anna Maria Cancellieri Barne ministroak aste honetan otsailaren 24a proposatu du, eta Napolitanok onartu egin du proposamena.
Montik duela bi aste iragarri zuen dimititzeko asmoa, aurrekontuak onartu ostean izango zela nabarmendu zuen, Silvio Berlusconi lehen ministro ohiak Monti buru den teknokraten Gobernuari babesa kendu ostean.
Orain, jakiteko gauza bakarra ea Berlusconi hauteskundeetarako hautagai moduan aurkeztu den edo ez da, dirudienez, otsailaren erdialdean izango dira horiek. Monti igandean, 11:00etan, ezagutaraziko ditu etorkizuneko planak, prentsaurreko batean.
Parlamentuak aurrekontuak onartu ditu
Italiako Parlamentuan 2013rako Estatuko aurrekontu orokorrak onartu ditu behin betiko ostiral honetan, horren ostean, Mario Monti lehen ministroak dimititu egin du, Giorgio Napolitano Errepublikako presidentearen aurrean.
309 boto alde izan ditu, 55 kontra eta 5 abstentzio. Diputatuen Ganberak Egonkortasun Legetzat ezagutzen den proiektua onartu du. Ministroen Kontseiluak urriaren 10ean onartu zuen.