Mundua -
Jabetza kendu dio
Iberdrolako lau filial nazionalizatu ditu Boliviako Gobernuak
Bestalde, Espainiako Gobernuak hornitzaile elektriko hauen desjabetzea "deitoratu" du, eta konpainia hauen akziodunentzako "bidezko ordainsaria" eskatu du.
Erredakzioa
Evo Morales Boliviako presidentearen dekretuari esker, Gobernuak Electropaz de la Paz eta Elfeo de Oruro hornitzaile elektrikoen jabetza kendu dio Iberdrola Espainiako enpresari. Halaber, Iberdrolaren menpean ere dauden Boliviako Enpresen Kudeatzaile Konpainia eta Edeser Zerbitzu Enpresa nazionalizatu ditu Moralesek.
"Neurri hauek hartzera behartuta ikusi dugu gure burua, La Paz eta Oruroko departamenduetan zerbitzu elektrikoaren tarifak pareko bidezkoak izateko, eta herrietan eta hirietan zerbitzuaren maila parekoa izan dadin", azaldu du Moralesek Jauregi Errean izandako ekitaldian, La Pazen, ABI albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Alvaro Garcia Linera presidenteordea eta Juan Jose Sosa Hidrokarburo eta Energia ministroarekin azaldu da Morales. Honen esanetan, neurri honek "hornikuntza elektrikorako eskubidea bermatuko du, baita herriko zonaldeetan ere".
Boliviako presidenteak La Paz eta Oruroko tarifa desberdinak salatu ditu. Honek azaldu duenez, La Pazeko erabiltzaile bakoitzak 0,63 boliviar ordaindu behar ditu kilowatio/ordu bakoitzeko; herri-zonaldeetan, berriz, 1,59 boliviar ordaindu behar dituzte, "bikoitza baino gehiago".
Hartutako erabakia Konstituzioko 20. eta 378. artikuluek babesten dutela azpimarratu du Moralesek. Artikulu hauen arabera, enpresa publiko, misto edo onurik gabeko erakundeen bitartez, energiaren zaintza Estatuak har dezake, honen sormenatik hasita, horren garraioa eta banaketaraino.
'Bidezko ordainsaria' agindu du Boliviak
Boliviako Gobernuak "bidezko ordainsaria" eta "errespetu osoa" izango duela promestu dio Iberdrolari. "Egokitzen zaiena ordainduko zaie, ez gara bidegabe arituko", esan du Alvaro Garcia Linera presidenteordeak Electropaz enpresako bulego baten jabetza hartzean.
Espainiak desjabetzea 'deitoratu' du
Espainiako Gobernuak Iberdrolako lau filialen desjabetzea "deitoratu" du, eta eta konpainia hauen akziodunentzako "bidezko ordainsaria" eskatu du. "Bi herrialdeen arteko kooperazio harremanak informazioa eta laguntasuna eskatzen du, auzi honetan eta komuneko beste auzietan ere", adierazi du.
Evo Moralesen dekretu honen arabera, 180 egunetako epean nazionalizatutako konpainia hauen akzioen prezioa ezarri beharko du alde independente batek, hau da, Boliviako Estatuak Iberdrolari ordaindu behar izango diona.
Zentzu honetan, prozesua "irizpide objektiboekin" egitea espero du Espainiako Gobernuak, "beharrezkoak ez diren inolako atzerapenik gabe". "Atzerriko enpresa batek Bolivian inbertitu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da segurtasun juridikoa", ohartarazi du Espainiako Gobernuak ohar baten bidez.
Halaber, Gobernuak azpimarratu duenez, "zerbitzu elektrikoa eskaintzen zuten hornitzaile hauek ez dira inoiz Boliviako Estaturenak izan".