Mundua -
''Kony 2013?''
Kony, 2013an oraindik aske
"Kony 2012" kanpainarekin ospetsu egin zen arren, gerrilari ugandarrak aske jarraitzen du.
Erredakzioa
Joseph Kony gerrilari ugandarrak aske jarraitzen du 2013. urtea hasi den honetan, iaz AEBetako gobernuz kanpoko erakunde batek atxilotzea eskatzeko egin zuen kanpaina baten ondorioz mundu osoan ospetsu egin zen arren.
Afrika Erdiko Errepublikako hedabideen arabera, Kony Obo herriaren inguruetan dago egun. Le Confident egunkariaren esanetan, inguru horretako herritarrak ez dira ausartzen bakarrik ibiltzera eta asko urruntzera.
Ugandako Armadaren ahaleginak eta AEBen laguntza ez dira nahikoak izan gerrilaria atzemateko, ezta Invisible Children GKEk hain modu sinplistan erakutsitako gatazka konpontzeko ere.
Kony atzematea eskatzen duen kanpainak ("Kony 2012" izenekoa) 100 milioitik gora bisita izan ditu Youtuben, gehienak iazko martxokoak, baina, oihartzun horren handia izanda ere, Kony eta horren gerrilak (LRA) hiltzen, bahitzen eta bortxatzen jarraitu du.
"LRA Crisis Traker" Invisible Childrenek abiatutako webgunearen arabera, bukatu berri den urtean Konyk eta horren taldeak 50 zibil hil dituzte, eta beste 427 bahitu.
Nolanahi ere, hainbat adituren ustean, Ugandako Gobernuak ez du gatazka konpondu nahi izan, nazioartearen babes ekonomikoa eta militarra jasotzen jarraitu ahal izateko.
NBEk, gainera, Ugandako Armadari ere egotzi dio giza eskubideak urratzea; bortxaketak, lapurretak eta sexu abusuak egitea, hain zuzen ere.
Bien bitartean, Kony aske dago oraindik, eta krisia 2012tik 2013ra pasatu da.