Mundua -
Armen inguruko eztabaida
AEBetako Gobernua, armen indarkeriari irtenbide bila
Newtowngo eskolakoa bezalako tragedia gehiago egon ez dadin, Joe Biden presidenteordea biktimen ordezkariekin eta armen aldekoekin bilduko da.
Erredakzioa
Joe Biden AEBetako presidenteordea Erriflearen AEBetako Elkarte Nazionalarekin, armak dituzten herritarrekin eta biktima izan direnekin bilduko da aste honetan urtero herrialdean 30.000 lagun hiltzen dituen indarkeria honi irtenbidea bilatzeko.
Armen indarkeriaren aurkako proposamenak egiteko lantaldearen buru jarri du Biden Barack Obama presidenteak, abenduaren 14an Newtown herriko eskola bateko sarraskiaren ostean. Bertan, 6 eta 7 urteko 20 haur hil ziren.
Erriflearen AEBetako Elkarte Nazionalak harreman hotza izan du Etxe Zuriarekin Obamaren agintean eta erregulazio berrien aurka azaldu da, Newtongo hilketa dela eta proposatutakoa, esaterako.
Elkarte boteretsua da eta sarraski horren ostean, eskoletan armadun poliziak egotea proposatu zuen, baina Etxe Zuriak dagoeneko baztertu egin du proposamen hori.
Halaber, bideo-jokoen produktoreekin ere bilduko da Biden, armazaleek indarkeriaren kulturaren erantzunkide gisa hartu baitituzte.