Mundua -
Bahiketa
37 atzerritar hil dira, Aljeriako gas plantaren aurkako erasoan
Zortzi herrialdetako pertsonak hil dituzte, Abdelak Selal Aljeriako lehen ministroaren arabera, eta bost pertsona desagertu dira.
Erredakzioa
Abdelamalek Selal Aljeriako lehen ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez, gutxienez zortzi herrialdetako 37 langile atzerritar hil dira, larunbatean gas planta batean egindako bahiketari amaiera emateko Armadak egin zuen operazioan. Erasoan aljeriar bat ere hil zela adierazi du, eta bost langile oraindik ere desagertuta daudela.
Asteazkenean krisia hasi zenetik egin dituen lehen adierazpenetan, operazioan soldadu bat ere zauritu zutela esan du lehen ministroak, eta 37 atzerritarretako 7 ez dituztela identifikatu.
Aljeriako Armadak bahituak askatzeko egin zuen operazioa ostiralean hasi eta larunbatean bukatu zen, eta 29 terrorista hil eta beste hiru bizirik harrapatu zituzten, Selalek esan duenez.
Guztira, 792 langile askatu zituzten eta horietatik 107 atzerritarrak ziren.
Talde armatu batek asteazkenean hartu zuen In Amenas ustiategia, langile atzerritar batzuk bahitu eta Malira eramateko helburuarekin. Erasoa Mojtar Belmojtar Aljeriako terroristen buruak aldarrikatu zuen.