Mundua -
Tsunamia urteurrena
Japoniako tsunamia gogora ekarri dute, bigarren urteurrenean
Tsunamiak 400.000 etxebizitza eta eraikin suntsitu zituen ipar-ekialdeko kostaldean, eta 27,6 milioi tona hondakin dago oraindik kentzeko.
Erredakzioa
Japonian, duela bi urteko lurrikarak eta tsunamiak eragindako biktimak gogoan hartu dituzte minutu bateko isilunea eginda. Tsunamiak ipar-ekialdeko kostaldea astindu zuen, eta 18.500 pertsona hil edo desagertu ziren. Gainera, Fukushimako krisi nuklearra eragin zuen.
Han 14:46 zirela (05:46 GMT), artxipelagoko milioika japoniarrek ezbeharrean hildako pertsonak oroitu dituzte, isilik. Urek gogorren astindu zituzten herrietan, gainera, tsunamien berri emateko alertak martxan jarri dituzte, omenaldi moduan.
Tokion, minutu bateko isilune batek abiatu du omenaldia. Horretan, Akihito enperadoreak eta Shinzo Abe lehen ministroak hartu dute parte, biktimen familiarrekin batera. Hala, duela bi urteko ezbeharra Bigarren Mundu Gerraren ostean Japonian izandako okerrena izan dela esan dute.
Eszenatokian, lirio eta nartziso zuriak, egurrezko bi metroko xafla bat eta Japoniako bandera jarri dituzte. Horrekin batera, hainbat arku jarri dituzte, ipar-ekialdeko zonaldeak berreraikitzeko lanak irudikatzeko.
Ekitaldia Antzoki Nazionalean izan da, 1.200 pertsonaren aurrean. Japoniako enperadoreak doluminak eman dizkie biktimei eta horien familiei, "ezinbesteko pertsonak galdu dituztelako".
Michiko enperatrizarekin batera, Akihitok azken bi urteetan suntsitutako lurraldeak berreraikitzen lagundu dutenak eta krisi nuklearrari amaiera ematen lagundu dutenak goraipatu ditu.
Bestalde, Japoniako lehen ministroak berreraikitze lanak bizkortuko direla agindu du. Horrekin batera, ezbeharraren ostean "modu deserosoan bizi" diren 315.000 japoniarrak eta kutsadura nuklearraren eraginez euren etxeetara bueltatu ezin diren 57.000 nipondarrak gogoratu ditu.
"Gure arbasoak hainbat zailtasuni aurre egiteko gai izan dira. Horiengandik ikasiz aurrera ekingo diogu guk ere", adierazi du lehen ministroak.
Omenaldian Iwate, Fukushima eta Miyagi prefekturetako biktimen familiarrek ere hitz egin dute lore eskaintza egin baino lehen.
Tsunamiak 400.000 etxebizitza eta eraikin suntsitu zituen ipar-ekialdeko kostaldean, eta 27,6 milioi tona hondakin dago oraindik kentzeko.