Mundua -

Venezuelako hauteskundeak

Maduro izango da irabazlea, inkesta gehienen arabera

Venezuelako Presidentetzarako hauteskundeetarako hautagai nagusiek, Madurok eta Caprilesek, indar erakustaldia egin zuten atzo.

Nicolas Maduro, Venezuelako Presidentetzarako hautagaia. EFE.
Nicolas Maduro, Venezuelako Presidentetzarako hautagaia. EFE.
Nicolas Maduro, Venezuelako Presidentetzarako hautagaia. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inkesta gehienen arabera, Nicolas Maduro izan daiteke apirilaren 14an Venezuelan Presidentetzarako hauteskundeetako irabazlea. Hala ere, galdeketetako batek Enrique Capriles jo du irabazle, bost puntuko aldearekin, baina, galdeketa gehienen arabera, Maduro gailenduko da hauteskundeetan, 10 eta 17 puntu arteko aldearekin. Azken galdeketen emaitzak atzo kaleratu zituzten, Hauteskundeetarako Batzorde Nagusiak horretarako baimendutako azken egunean.

Venezuelarrek hurrengo presidentea aukeratzeko hauteskundeak izango dituzte apirilaren 14an, Hugo Chavez agintaria martxoaren 5ean zendu ostean. Maduro eta Capriles beste bost hautagairekin borrokatuko dira Presidentetza eskuratzeko. Hala, irabazleak Venezuelako agintea hartuko du 2013 eta 2019 bitartean.

Hauteskundeek tentsio handia sortu dute Venezuelan eta inguruko herrialdeetan. Caracasek laguntza ekonomiko handia eskaintzen die horiei, eta hauteskundeek Gobernu aldaketa ekarriz gero, 14 urteko 'chavismoa' desegingo litzateke.

Caprilesen babesa handituz doa

Milaka pertsona bildu ziren atzo Caracaseko Bolivar Etorbidean Enrique Capriles Batasun Demokratikoko Mahaiaren buruzagiari babesa adierazteko.

"Gaur Bolivar Etorbidea txiki geratu zaigu. Gaur Caracaseko kaleak alaitasunez eta esperantzaz bete dira, eta horrek hurrengo igandean gertatuko dena baieztatzen du. Venezuela jaiki egin da 'bai, egin dezakegu' esatera", esan zien Caprilesek jarraitzaileei.

Venezuela, Capriles, manifestacion, concentracion, kontzentrazioa, manifestazioa, comando simon bolivar, efe

(Milaka pertsona bildu ziren Caracasen Enrique Caprilesi babesa adierazteko. Argazkia: Comando Simon Bolivar)

Hautagaia ziur dago hauteskundeak irabaziko dituela. "Duela 20 egun, jendeak uste zuen ezinezkoa zela, eta nik esan nien: 'Boterea gure kontra dago, baina milaka pertsonaren esperantza dugu guk. Aktibatu esperantza hori'. Eta gaur, esperantza hori aktibatuta dago, eta gaur prozesu hau irabazten ari gara", adierazi zuen.

Capriles Nicolas Maduro behin-behineko presidenteari zuzendu zitzaion. "Ez nahasi. Apirilaren 14an zuk hauteskundeak irabaziko dituzu Habanan, baina nik hemen irabaziko ditut, Venezuelan. Apirilaren 14an justizia egingo dugu", esan zuen.

Gainera, hauteskundeen emaitzak modu baketsuan onartzeko eskatu zien jarraitzaileei. "Apirilaren 15a bakearen eguna izan behar da, venezuelarrak elkarrekin adiskidetzeko eguna. Inoiz ez zaituzte banatuko, Venezuela. Herri hau ez da inoiz bereiziko", esan zuen hautagaiak.

Hauteskundeak irabazteko konfiantza erakusteaz gain, triunfalismoa saihesteko eskatu zien Caprilesek venezuelarrei. "Apirilaren 14an, aldea handia izan daiteke, baina bozkatzera joan beharra dago", gaineratu zuen.

Nicolas Maduro, "Chavezen semea"

Bere aldetik, Nicolas Maduro Venezuelako behin-behineko presidente eta Presidentetzarako hautagaiak, Konstituzioa eskuetan, zin egin zuen hauteskundeen emaitzak errespetatuko dituela , eta gauza bera egiteko eskatu zien jarraitzaileei.

Madurok esan zuen bera zela zendutako Hugo Chavez presidentearen "semea", eta haren bideari jarraituko diola. Hala, urriaren 7an Chavezek hasitako bideari jarraitu dio Madurok, eta hauteskundeen emaitzak errespetatuko dituela azpimarratu zuen.

Maduro, venezuela, elecciones, hauteskundeak, EFE

(Inkesten arabera, Nicolas Madurok irabazi ditzake hauteskundeak apirilaren 14ean. Argazkia: EFE)

Presidentetzarako hautagaiek, "burgesiaren hautagaiak batez ere", Enrique Caprilesi erreferentzia eginez, emaitzak errespetatuko dituzten edo ez argitzeko eskatu zuen Madurok.

"Arrakastarako eta bakerako presta gaitezen, garaipen perfektua itzelezkoa izango da, eta baketsua, 10 milioi boto lortuta", adierazi zuen Madurok Apure estatuan.

Kanpainako ekitaldian Gobernuaren iragarpen batzuk egin zituen, eta estatu horretarako errekurtso batzuk onartu zituztela jakinarazi zuen, ospitale bat egiteko proiektua eta etxebizitzak eraikitzea, esaterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea