Mundua -
Hauteskundeen ostean
Zazpi lagun hil eta 61 zauritu dira liskarretan, Venezuelan
"Madurok eta bere Gobernuak indarkeria agindu dute botoen zenbaketa eragozteko", salatu du Caprilesek. "Capriles, arduragabea, zuk eragin duzu hau guztia", erantzun dio Gobernuak.
Erredakzioa
Nicolas Maduro presidente hautetsi izendatu eta gero oposizioak protestak deitu ditu, eta istiluak herrialdeko txoko guztietan izan dira. Liskarretan zazpi pertsona hil dira, Luisa Ortega Venezuelako fiskal nagusiak gaur jakitera eman duenez.
"Indarkeriaren ondorioz zazpi venezuelar hil dira, horietako bat Tachirako (mendebaldea) polizia zen", azaldu du Ortegak prentsaurrekoan.
Bi pertsona Mirandan hil dira, beste bat Tachiran (Kolonbiako muga) eta beste bat Zuliako Estatuan.
"Ez-legitimoak (Maduro) eta bere Gobernuak indarkeria agindu dute botoen zenbaketa eragozteko, beraiek dira arduradunak", salatu du Henrique Capriles oposizioko hautagaiak Twitter sare sozialean.
Bere bidea "bakea" dela esan du Caprilesek, eta indarkeria ez erabiltzeko eskatu die bere jarraitzaileei. "Gobernuak indarkeria nahi du. Ez-legitimoak hori nahi du", ohartarazi du. "Ez probokazioetan erori, borroka hau irmoa, baina bakezalea da. Guri bakea nagusitzea komeni zaigu. Ez-legitimoari ez", salatu du.
Diosdado Cabello Venezuelako Batzar Nazionaleko presidenteak Henrique Capriles oposizioko buruaren kontrako ikerketa penala abiatzeko eskatuko du gaur, bart izandako eraso bortitzak direla eta.
Cabelloren ustetan, Capriles da Venezuela astindu zuen liskarren erruduna. "Capriles, arduragabea, zuk eragin duzu hau guztia", salatu du.
Bestalde, Gobernuaren jarraitzaileak lasai daudela adierazi du. "Gure jendea lasai dago, baketsu eta familiarekin bilduta. Herria gure aberria defendatzeko prest dago", esan du Cabellok.
Bi hildako eta hainbat zauritu
Gutxienez bi pertsona hil dira eta hainbat zauritu dira talde aurkarien bi erasotan, bertako agintariek emandako datuen arabera.
Tachirako gobernadoreak informatu duenez, Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren militante bat hil da Cordero udalerrian, "eraso 'caprilista' faxista" baten eraginez.
"Pertsona bat hil da Santa Anan, Henry Manuel Rangel burkidea, oposizioko kide batzuek bizkarrean hiru tiro emanda", esan du.
(Caprilesen jarraitzaileak liskarretako batean. EFE)
Bestalde, TeleSurrek jakinarazi du "Chavezen kontrako talde batek" Caracaseko La Limoneran dagoen anbulatorio bati eraso egin diola "herria mehatxatu eta izutu ostean". "Hildako bat dago, eta pertsona bat larri zauritu dute", esan du Twitter sare sozialaren bidez.
Gertakari horiek Caracasen eta Venezuelako beste hainbat hiritan piztu dira, Nicolas Maduro presidente izendatu duten hauteskundeen alde zein kontra egiteko.
Aurkariek Anzoateguiko eta Tachirako Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuaren egoitzak "barruan jendea zegoela" erre dituztela salatu du Madurok.
Andres Izarra Informazio eta Komunikazioko ministro ohiak, bere aldetik, "horda faxistak" bere aitaren eta Tibisay Lucena, Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidentearen etxeei eraso dietela salatu du Twitter bidez.
(Oposizioko talde bat gurpil batzuei su ematen. EFE)
Gainera, dozenaka pertsonak kontzentrazioa egin dute TeleSurren eta Venezolana de Televisionen (VTV) egoitzen aurrean ustezko hauteskunde iruzurra salatzeko. "Langileak mehatxatu dituzte", Patricia Villegas panamerikar katearen presidentearen hitzetan.
Bestalde, hainbat pertsonak Henrique Caprilesek deitutako manifestazioan parte hartu dute. "Lapikoak entzun daitezela Venezuela osoan!", esan du oposizioko buruzagiak Twitterren.
"El Universal" egunkariaren arabera, Guardia Nazionalak gas negar-eragileak eta perdigoiak erabili ditu Altamiran zeuden manifestarien kontra, eta ingurua hartu egin du. Handik gutxira, Madurok atzera egiteko agindu du.
(Manifestariak Guardia Nazionalaren aurrean. EFE)
Gobernuaren aurka dauden dozenaka pertsona manifestatu egin dira Barquisimeto, Maracaibo, Merida, Maracay, Maturin, Valencia, Coro, Punto Fijo eta Puerto de La Cruz hirietan, "El Nacional" egunkariak informatu duenez.
"Kolpearen kontrako taldearen" hedatzea
Madurok jakinarazi du "kolpearen kontrako taldea" erabiliko duela eraso horiei aurre egiteko.
"Kolpeen kontrako taldea bildu dugu egoerari aurre egiteko", esan du, eta, horrekin batera, Errepublika Plana (segurtasun indarrak herrialde osoan zehar hedatzea) indarrean izaten jarraituko dutela iragarri du.
Venezuelan "Libian eta Sirian dagoen egoera" ezarri nahi dutela salatu du Madurok. "Plan bat dago. Denok dakigu nork zuzentzen duen, nor den zentzugabekeria honen buruzagia", esan du, baina ez du izenik eman.
(Guardia Nazionalak gas negar-eragileak eta perdigoiak erabili behar izan dituzte. EFE)
Chavezen oinordekoak ohartarazi duenez, "delitua bultzatu duten guztiak preso hartuko ditugu". "Legea errespetatu behar da", gaineratu du.
Asteazkenerako, bakea lortzeko martxa handi bat deitu du Madurok. "Herritarrak mobilizatzera deitu nahi ditut", esan du. Ostiralerako, berriz, karguaren zina egiten duenean, desfile militar bat iragarri du.
Hauteskundeen emaitzak
Nicolas Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak. Hugo Chavezen ondorengoak botoen % 50,66 lortu ditu, eta Henrique Capriles oposizioko buruak, aldiz, % 49,07.