Mundua -

Akordio historikoa

Serbiak eta Kosovok harremanak normaltzeko akordio bat lortu dute

"Aro berri baten hasiera da", Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroak esan duenez.

Ivica Dacic, Catherine Ashton eta Hashim Thaçi. EFE
Ivica Dacic, Catherine Ashton eta Hashim Thaçi. EFE
Ivica Dacic, Catherine Ashton eta Hashim Thaçi. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Serbiak eta Kosovok akordio historiko bat lortu dute gaur, ostirala, bi herrialdeen arteko harremanak normaltzeko, Europar Batasunak sustatutako negoziaketen ondorio da akordioa, Hashim Thaçi Kosovoko lehen ministroak iragarri duenez.

"Aro berri baten hasiera da", esan du lehen ministroak. Halaber, Catherine Ashton diplomazia europarraren buruak bi aldeak zoriondu ditu joan diren azken hilabeteetan erakutsitako "ausiardia"gatik.

Konpromisoa "erraza izan ez" dela onartu du Thaçik, eta "bi herrialdeetan oso pozik egongo ez den jendea" izango dela ziurtatu du, baina ituna "gure herrialdearentzako, Serbiarentzako eta Europar Batasunarentzako konponbiderik onena" dela azpimarratu du.

Akordioa herialde bakoitzeko agintariek berretsi behar dute orain. Kosovo iparraldeko erkidego serbiarren autonomia ezartzen du itunak. Horrela, Polizia buruzagi eta Justizia erakunde propioak izango dituzte iparraldeko serbiarrek.

Gehiengo serbiarreko zona Pristinaren agintepean izatea onartu du Belgradok akordioarekin. Orain arte aginte egitura paraleloak izan dira iparraldean, eta azken urteetan istilu ugari jazo dira.

Ashtonek negoziaketak zuzendu ditu azken hilabeteetan. Diplomazia europarraren buruak akordioaren garrantzia goraipatu du. "Iraganetik Europarantz emandako pauso" bat dela adierazi du.

Bi herrialdeen arteko harremanen normalizazioak Europar Batasunean sartzeko negoziaketak baldintzatu ditu.

Kosovok aldebakarreko independentzia aldarrikapena egin zuen 2008an, baina Serbiak ez zuen onartu, baita beste estatu batzuek ere, besteak beste, Espainiak. AEBek eta EBko herrialde gehienek, ostera, independentzia onartu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Serbia Kosovo gaur