Mundua -
Hauteskunde legislatiboak
Eskuinak irabazi ditu hauteskundeak Islandian, lehen emaitzen arabera
Botoen bi herenak zenbatuta, Independentziaren Alderdiak hauteskundeak irabazi dituela iragarri du Hauteskunde Batzordeak. Lau urteko parentesiaren ondoren, agintera itzuliko da.
Erredakzioa
Oraindik botoen kontaketa amaitu ez bada ere, ezustekorik ezean, eskuinak boterea berreskuratuko du Islandian, hauteskunde legislatiboen ostean. 1944ko herrialdearen independentziatik egon den ezkerreko lehen Gobernuaren lau urteko parentesiaren ostean, eskuina Gobernura iritsiko da.
Botoen bi herenak zenbatuta, Independentziaren Alderdiak hauteskundeak irabazi dituela esan du Hauteskunde Batzordeak, % 29ko babesarekin.
Hauteskunde Batzordeak eskainitako datuen arabera, Independentziaren Alderdiaren (zentro-eskuina) aliatu izan den Alderdi Progresista izango da bigarren indarra, botoen %23,5rekin.
Datuak berresten badira, orain arte agintean, koalizioan izan diren Alderdi Sozialdemokratak eta Ezkerra Berdea alderdiak, zuten babesaren erdia baino gehiago galdu dute; zehatz-mehatz esanda, botoen % 13,5 eta % 10,6 eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Alderdi Piratari botoen % 4,6 ematen diote, eta, Parlamentuan sartzeko atarian geldituko litzateke, % 5a beharrezkoa baita horretarako.
Bi alderdi irabazleek gehiengo osoa izango lukete, eta koalizioan aginduko dutela uste dute adituek.
Zentroeskuinak garaipena aldarrikatu du
Islandiako Independentziaren Alderdiak hauteskundeak irabazi dituela aldarrikatu du, eta herrialdea gidatzeko prest agertu da Bjarni Benediktsson alderdiko buruzagia.
Bjarni Benediktssonek eta Alderdi Liberaleko Sigmundur David Gunlaugsson buruzagiak ez dute baztertzen koalizio gobernua osatzea.
Ezkerrak emaitza txarrak erdietsi ditu
Lehenengo emaitzen arabera, azken asteetako inkestek ziotena beteko da, hots, zentroeskuinak garaipen argia lortuko du, eta ezkerrak nabarmen egingo du behera.
Zifra makroekonomikoak egonkortu arren, Islandiako historiako ezkerreko lehen Gobernuak legegintzaldia nahiko larri amaitu du; gutxiengoan eta ospe baxuarekin.
Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako doitze politika gogorrak murrizketa sozial handiak eragin ditu. Halaber, familien zorraren arazoari ez diote irtenbiderik eman.