Mundua -
Laguntzeko eskaintza
Madurok Margallori: 'Ez ezazu Venezuelan muturrik sartu, lotsagabe'
Horrela erantzun du Venezuelako presidenteak Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak Venezuelako krisi politikoan laguntzeko eskaintza egin ostean.
Erredakzioa
"Ez ezazu Venezuelan muturrik sartu", esan dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri Gaietarako ministroari, Venezuelako krisi politikoan laguntzeko eskaintza jaso ostean.
"Venezuelan bitartekari bezala aritzeko prest dagoela esan du Espainiako kantzilerrak", adierazi du Madurok Caracaseko Junin Antzokian izandako ekitaldian, "kantziler espainiarra, ez zaitez hona etorri; joan zaitez, ordea, Espainiako langileei erantzutera, lan egiteko eskubidea, soldata eta pentsioak kendu dizkiezulako".
"Kantziler espainiarra, ez ezazu Venezuelan muturrik sartu; kantziler espainiarra, alde hemendik; kantziler espainiarra, lotsagabe. Venezuela errespetatu ezazu", aldarrikatu du Madurok. "Horrela gobernatzen da", oihupean txalo beroak jaso ditu Madurok.
Halaber, Espainiako langileei "agur berezia" bidali die. "Kalera atera behar dira eskuindar faxistak kentzen ari denagatik borroka egiteko", azaldu du.
Eskaintza
Garcia-Margallok astelehenean Washingtonen esan zuenez, "Espainia beti dago prest munduko edozein eskualdetan jarrerak hurbiltzeko, eta harreman handiagoa dugun herrialdeetan aukera hori handiagoa da, esaterako, Venezuelan". "Laguntzeko prest gaude, Venezuelan bakea eta egonkortasuna sendotzen laguntzeko", azpimarratu zuen.