Mundua -

Kontrazala

Obamaren aste beltza

Azken egunetan hainbat polemikatan nahasita agertu da, eta salaketa horien harira, presidente izan aurretik agindutakoak oraindik bete ez izana leporatu diote.

Juanjo San Miguel, Euskadi Irratiko kazetaria. Argazkia: eitbcom
Juanjo San Miguel, Euskadi Irratiko kazetaria. Argazkia: eitbcom
Juanjo San Miguel, Euskadi Irratiko kazetaria. Argazkia: eitbcom

Juanjo San Miguel | Euskadi Irratia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obamak aste beltza izan du, zenbait arazo korapilatu eta benetako buruhauste bilakatu zaizkio. Egun gutxitan bere Gobernuari kazetarien askatasuna, adierazpen eskubidea urratu izana leporatu diote, zergak biltzen dituen agentziari hiritar zenbaiti tratu okerra ematea, Libian Bengasi hirian Estatu Batuen enbaxadak jasotako erasoari buruzko informazioa ezkutatu zuela bere interesen arabera.

Salaketa hauen harira Obamari gogoratu diote presidente izan aurretik agindutako gehienak ez dituela bete: Guantanamo ixtea, tortura debekatzea, defentsa jarduera demokratizatu eta gizatiarragoa bihurtzea (bere agintaldian etsaien hilketak eta gidaririk gabeko abioien erabilera neurri gabe ugaldu dira). Obamak, bere borondatea eta asmoak beste batzuk izan arren, jarraipena eman dio lerro nagusietan Bushen politikari.

Obamak orain dela bost urte, 2008ko hauteskundeetan, azken 50 urtetan beste inork eragin ez duen ilusioa eta ikusmina piztu zituen mundu guztian. Bushen urte ilunen ondoren Estatu Batuen eta Munduaren salbatzailea zirudien. Ezer egin gabe, ezertan oinarritu gabeko itxaropen hori kenduta, Bakearen Nobel Saria eman zioten.

Obamaren ibilbidea ikusita tristetu egin gaitezke, etsipena nagusitu liteke mundu berri baten ilusio hura hautsi egin zaigulako; baina, era berean, egiaztatu dugu mundua eta gizarteak gai direla euren bidea hobeto edo okerrago egiteko mesias guztiz ahaltsuen beharrik gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea