Mundua -
Polemika Venezuelan
Oposizioak grabazio bat zabaldu du chavisten banaketa frogatzeko
Ia ordubeteko audioan, Maduroren kontrako konspirazio militarrari eta Diosdado Cabello diputatu chavistarekin ustez lotutako ustelkeria kasuei buruz hitz egiten dute.
Erredakzioa
Henrique Capriles Venezuelako oposizioko buruak adierazi duenez, Mario Silva 'La Hojilla' saioko aurkezlearen eta Aramis Palacios G-2 Kubako informazio departamentuko goi kargudunaren arteko ustezko elkarrizketak "Gobernuaren ustelkeria" erakusten du.
Venezuelako oposizioak aireratu du telefono bidezko elkarrizketa hori, eta, haien arabera, ustezko hizketaldi hori apirilaren 14ko hauteskundetik "gutxira" izan zen.
Mario Silvak Twitter bidez adierazi duenez, oposizioak zabaldutako grabazioa faltsua da, eta, beraren ustetan, "sionismoak egindako muntaia hori oso ona da".
Silvaren hitzetan, "Israelgo Mossadek CIArekin batera muntatutakoari" erantzun egingo dio, "frogak" dituelako. Horrekin batera, Venezuelako justiziak bera iker dezala eskatu du.
Ustezko grabazioa
Ia ordubeteko grabazioan, Silvak Maduroren kontrako konspirazio militarrari eta Diosdado Cabello Asanblada Nazionaleko presidentearekin ustez lotutako ustelkeria kasuei buruz hitz egiten du.
Besteak beste, Dibisen Administrazio Batzordearen eta Seniat zergak biltzeko bulegoaren bitartez egindako ustezko "diru zuriketarekin" lotzen du Cabello.
Ismael Garcia oposizioko diputatuak aurkeztu dio audioa prentsari, eta, bere ustetan, "bertan agerian jartzen dira Diosdado Cabelloren eta Nicolas Maduroren arteko liskarrak".
Gobernuaren erantzuna
Maduro eta Cabello elkarrekin agertu dira Mirafloreseko jauregian, presidentearen egoitzan, oposizioak grabazioa aireratu eta ordu batzuetara.
Bileraren une batean, Cabello kazetariei zuzendu zaie, hau esateko: "Oposizioko diputatuek aurkeztutakoa euren jaia da, euren oturuntza, zer lortzen duten ikusteko", eta, "horren aurrean", chavismoak "batasuna, borroka eta garaipena" erakutsi dituela adierazi du.
Hala, Batzar Nazionaleko presidenteak bere kontrako akusazioen frogak aurkezteko gonbita egin die oposiziokoei.