Mundua -
Soldaduaren hilketa Londresen
Ustezko hiltzaileei Poliziak emandako tiroen bideoa kaleratu dute
Bestalde, erasoaren aurrean izandako jarrera defendatu du Gobernuak. Alerta nagusi da bertan eta, gaur, Pakistango hegazkin bat desbideratu behar izan dute.
Erredakzioa
Asteazken honetan Londresen izandako erosoaren inguruko bideo bat kaleratu du 'Daily Mirror' egunkari britainiarrak. Bertan, asteazkeneko erasoan soldadua ustez hil zuten susmagarriei Poliziak emandako tiroak ikus daitezke.
Susmagarrietako bat agenteen ibilgailurantz korrika egiten ageri da irudi horietan, eta, agenteak, autotik ateratzeko ia denborarik gabe, tiro egiten hasten dira. Ondorioz, susmagarria lurrera erortzen erakusten du bideoak.
Segundo batzuk geroago, bigarren susmagarria ere ageri da irudietan. Eraso egitera doala ematen duenean, hark ere tiroak jasotzen ditu, hiru agenteren eskutik.
Egunkariaren arabera, bertako bizilagun batek grabatu zituen irudiak, sakelako telefono batekin.
Galdeketek aurrera
Bitartean, Poliziak ikerketarekin jarraitzen du, eta atzo atxilotutako beste bi lagunei galdeketa egiten jarraitzen du. Gobernuak, bestalde, erasoaren aurrean egindako lana defendatu du, ustezko hiltzaileak fitxatuta zituela-eta jasotako kritiken aurrean.
Alerta egoera
Joan den asteazkeneko erasoaren ondoren, alerta egoeran jarraitzen du Erresuma Batuak, eta, egoera horri, gainera, ostiral honetan Stanstedeko aireportuan izandako gertakaria gehitu behar zaio.
Izan ere, bi lagun atxilotu dituzte bertan, Pakistan International Airlines (PIA) konpainiako hegaldi bat arriskuan jartzeagatik. Hegazkin barruan jazotako gertaera baten ondorioz, ibilbidetik desbideratu behar izan dute, eta ehiza-hegazkinek lagunduta hartu du lurra. 297 bidaiari zeuden barruan.
Poliziak ez du hegazkin barruan geratutakoaren xehetasunik eman, baina bertako komunikabideek kaleratu dutenez, badirudi ez duela zerikusirik terrorismoarekin.