Mundua -
Tapie auzia
Epaileek ez dute Christine Lagarde inputatu 24 orduz galdekatu ostean
"Lekuko bezala deklaratzea ez da ezustekoa niretzat, beti legeak errespetatu ditudalako", adierazi du NDFko zuzendariak itaunketatik atera eta gero.
Erredakzioa
Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) zuzendaria "lekukoa" dela erabaki dute epaileek. Horrela, magistratuek ez dute inputatu Frantziako Ekonomia ministro gisa egindako lanagatik.
"Lekuko bezala deklaratzea ez da ezustekoa niretzat, beti legeak errespetatu ditudalako eta Estatuaren interesen alde jokatu dudalako", adierazi du Lagardek 24 orduko iraupena izan duen itaunketatik atera eta gero. NDFko zuzendariak bi egun eman ditu deklaratzen.
Frantzian, "lekukoaren" figurari ez diote deliturik leporatzen, eta abokatuen laguntzarekin deklaratzeko aukera ematen diote, baina bere statusa ez da lekuko soil batena.
"Erantzunak eman eta zalantzak argitu"
Lagarde Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen Gobernuan Ekonomia ministroa izan zen. Errepublikaren Justizia Auzitegiko epaileei emandako azalpenak "auzi konplexu eta zahar batean erantzunak emateko eta zalantzak argitzeko balio" izan direla esan du NDFko presidenteak.
Lagarde diru publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta faltsutzeagatik inputatu zezaketen agerraldiaren ostean. 2007an, Lagardek auzitegi pribatu baten eskuetan utzi zuen Frantziako Estatuaren eta Bernard Tapie enpresaburuaren arteko gatazka ebazteko ardura.
Ekonomia ministroak Sarkozyren lagunari, Tapieri, mesede egiteko auzitegietara ez eramateko erabakia hartu bazuen ikertzen ari dira. Arbitrajeak 403 milioi euroko kalte-ordaina eman zion Tapieri 2008an.