Mundua -
La Defense auzoan
Zaintza lanak egiten zebilen militar bat lepoan sastatu dute Parisen
Militarra onik dago, eta erasotzaileak ihes egin du. Londresen asteazkenean izandako soldaduaren hilketarekin momentuz ez lotzeko eskatu dute Frantziako agintariek.
Erredakzioa
Segurtasun eta zaintza lanak egiten zebilen militar frantziar bat lepoan sastatu dute larunbat arratsaldean, Parisko La Defense auzoan. Ondoren, erasotzaileak ihes egin du.
Erasoa 18:00ak aldera jazo da, Virgin dendaren aurrean, La Defense auzoan. Militarrak osasun arreta jaso du dagoeneko, eta onik dago. Polizia erasotzailearen bila ari da. Susmagarriak 30 urte inguru ditu: bizarduna eta iparrafrikarra da, eta jaka beltza eta txilaba argi kolorekoa zeramatzan.
Vigipirate zaintza programako kidea zen militarra. Programa hura 1978. urtean sortu zuten, Armadako kideek esparru publikoen segurtasun lanetan aritzeko helburuz.
François Hollande Frantziako presidenteak ez du jazoeraren inguruan iritzirik eman nahi izan. "Hipotesi guztiak aztertu beharko ditugu", esan du Etiopian, Batasun Afrikarraren 50. urteurrenaren ospakizunetan.
Horren harira, Manuel Valls Frantziako Barne ministroak erasotzaileak "militarra hiltzeko asmoa" zuela esan du. Hala ere, Londresen asteazkenean izandako soldaduaren hilketarekin momentuz ez lotzeko eskatu du.