Mundua -
Espioitza
CIAren filtratzailea desagertu egin da
AEBetako Segurtasun Nazionaleko Agentziaren langile ohiak alde egin du Hong Kongeko hoteletik. Estatubatuar ugari agertu dira azken orduotan Edward Snowdenen alde.
Erredakzioa
Edward Snowden AEBen entzuketak salatu zituen CIAko langile ohiaren arrastorik ez dago. Alde egin du Hong Kongen ostatua hartuta zegoen hoteletik.
Etxe Zuria isilik dago, eta AEBetako inteligentzia-zerbitzuak lanean ari dira, gaztearen bila, Snowdenek egindakoa terrorismoaren aurkako borrokaren kalterako dela iritzita.
Bestetik, Islandiako Medio Modernoen Erakundea prest dago aholkua emateko AEBetako espioitzaren berri zabaldu duela aitortu duen gazteari, asilo politikoa eskatu nahiko balu.
Hong Kongen zegoen hoteletik alde egin duela dio The Washinghton Postek, eta une honetan ez dakitela non dagoen Edward Snowden. Atxilotuko balute, gainera, Hong Kong eta AEBek daukaten akordio baten arabera, estraditatu egin dezakete, hala eskatuz gero.
Justizia Departamentua kasua ikertzen hasia da, eta FBI bera ere, dagoeneko hasi da Snowdenen inguruko jendea galdekatzen.
Etxe Zuria, isilik
Baina kontu da ez dagoela batere garbi zer egin nahi duen Gobernuak Snowdenekin. Gaur ere Etxe Zuriak ez du apenas ezer argitu. Jay Carney bozeramaileak ez duela gaiaren inguruko ezer aipatuko esan die kazetariei. Argitu duen gauza bakarra da, presidentea prest dagoela Gobernuak egiten duen kontrolaren inguruko edo segurtasuna eta pribatutasunaren inguruan eztabaidatzeko.
Obamak berak gaur parte hartu duen bi ekitaldi publikoetan ez du ezer esan. Inteligentzia Nazionaleko zuzendariak, James Clapperek bai, zerbait esan du: filtrazio horiek terrorismoaren kontrako borrokaren aurkakoak direla.
Babesa AEBetan
Beraien sinadurarekin Snowdenentzat presidentearen barkamena eskatu diotenak 19.000 lagunetik gora izan dira. Heroitzat hartzen dute 29 urteko gaztea, eta deliturik egin badu, berehalako barkamena eman behar zaiola eskatzen dute.