Mundua -
Protesta masiboak Brasilen
Brasilgo 'suminduek' euren aldarrikapenetako bat lortu dute
Sao Pauloko eta Rio de Janeiroko agintariek amore eman dute, protesta masiboen aurrean, eta garraio publikoa berriz merkatzea onartu dute.
Erredakzioa
Sao Pauloko eta Rio de Janeiroko (Brasil) agintariek amore eman dute 'suminduen' aurrean, eta garraio publikoa merkatzea onartu dute.
Azken 10 egunetan, ehunka mila pertsona kalera atera dira herrialdeko hiri nagusietan. Garraio publikoa garestitu izana salatzeko hasi ziren protestan, baina, egunek aurrera egin ahala, beste hainbat aldarrikapen gehitu zituzten, sumin sozialaren erakusle.
Bi hiri horietako alkateek, Fernando Haddadek eta Eduardo Paesek, prentsaurrekoa eskaini dute, elkarrekin, eta garraio publikoan (autobusak, metroa, trenak eta ontziak) ezarritako igoerak baliogabetu egingo dituztela iragarri dute.
Aldez aurretik, Recifeko, Porto Alegreko eta beste hainbat hiri handitako agintariek ere iragarpen berbera egin zuten.
Joan den astetik, ehunka mila pertsonak protesta egin dute herrialde osoan. Manifestazioak sare sozialetan deitu dituzte, antza denez buruzagirik ez duen eta alderdi politikoekin lotuta ez dagoen mugimendu batek sustatuta.
Martxen abiapuntua Sao Pauloko garraio publikoa 20 zentabo (zazpi zentimo, eurotan) garestitu izana da. Dena dela, aldarrikapen horri beste hainbat gaineratu dizkiote.
Brasilian, adibidez, Brasilgo Gobernuak nazioarteko kirol ekitaldietan (Olinpiar Jokoak eta futboleko Munduko Txapelketa, kasu) dirutza gastatu izana salatu dute. "Gobernuak milaka milioi gastatu ditu estadioetan, osasuna alde batera utzita", deitoratu du 22 urteko ikasle batek, EFE agentzian egindako adierazpenetan.
Brasil azken hamarkadan pobrezia gehien murriztu duen herrialdetakoa da. Herritar gehienak klase ertainekoak dira orain, eta langabezia tasa inoizko txikiena da. Nolanahi ere, zerbitzu publikoak (hezkuntza eta osasuna, batik bat) eskasak direla salatu dute herritarrek.
Horrenbestez , Brasilgo 'suminduen' aldarrikapen nagusiak zerbitzu publikoetako inbertsioak handitzea eta ustelkeriaren eta diru publikoa edonola xahutzearen aurka borrokatzea dira.