Mundua -
Arma kimikoak
Aste honetan bertan abiatu liteke eraso militarra Sirian
Obamak ez du oraindik zein erantzun eman erabaki, Etxe Zuriak adierazi duenez. NBCren arabera, berriz, erasoa "ostegunean" izango da, eta 3 egunez luzatuko da. AEBetako Armada "erasorako prest" da.
Erredakzioa
Baliteke "ostegunean bertan" jaurtizea AEBek Siriaren kontrako lehen misilak, Etxe Zuriko goi-funtzionarioek NBC kateari esandakoaren arabera. Eraso militarrak iraupen mugatua izango luke, hiru egunekoa, eta Bachar al Asad presidenteari abisu bat emateko modua izango litzateke, ustez arma kimikoak erabilita egindako erasoen harian.
Egoera ikusita, Barack Obama presidentea nazioarteko aliatuekin harremanetan ari Siriari buruz hartu beharreko erabakiak aztertzeko.
Horren harian, Etxe Zuriak esan du Barack Obama presidenteak ez duela zalantzarik Siriako erregimena dela arma kimikoak erabiliz egindako erasoaren erantzulea, eta eraso horri ''erantzuna'' eman behar zaiola. Hala ere, AEBetako presidenteak ez du oraindik erabaki Siriari zein erantzun eman. ''Erantzuna egokia'' izan behar dela eta berau aliatuekin hitz egin ondoren iragarriko duela aurreratu du Etxe Zuriak.
AEBetako armada, "erasorako prest"
Balizko erasoaren harian, AEBetako armada "erasorako prest" dagoela berretsi du Chuck Hagel Defentsako idazkariak.
"Soldaduak Siriako inguruetara eraman ditugu presidenteak hartzen duen erabakiari erantzuteko prest egoteko", esan du Hagelek BBCn egindako elkarrizketa batean.
Esku-hartze militarra ''berehalakoa'' izango dela esan du Siriako oposizioak eta eraso berria salatu du
Mendebaldeko hainbat herrialdek esku-hartze militarra ''berehalakoa'' izango dela jakinarazi diotela iragarri du astearte honetan Siriako oposizioak.
"Siriako lagunak" aliantzako herrialdeek esku-hartze militarra izango dela baieztatu diote Siriako Koalizio Nazionalari (CNFROS). "Siriako lagunak" taldean Bachar al Assaden erregimenaren oposizioaren aldeko herrialdeak daude.
Bestalde, erregimenaren indarrek Alepoko aldean herritarren kontra fosforoa eta napalma jaurtiki dutela salatu du Siriako oposizioak. ''Al Assaden hegazkin militarrek fosforo eta napalm erabiliz bonbardatu dituzte hainbat herrialde'', adierazi dute ohar batean, eta horiek ''nazioartean debekatuta'' daudela nabarmendu dute.
Eraso horretan, 10 lagun hil eta dozenaka zauritu dira, oposizioaren arabera.
Hollande: "Sarraski kimikoa zigortzeko prest gaude"
Françoise Hollande Franztiako presidentea ere Siriako egoeraz aritu da. Hollandek esan duenez, Frantzia "sarraski kimikoa" egin dutenak "zigortzeko prest" dago. Horren ondorioz, Bashar al Assaden erregimenaren kontra borrokan ari diren matxinoei laguntza handiagoa emango diela iragarri du.
Eliseoan zenbait enbaxadoreen aurrean egindako hitzaldian, Frantziako presidenteak esan du Damaskok hartutako erabakia "lotsagarria" izan zela, "inolako errurik ez duten pertsonen kontrakoa! izan zelako.
Erresuma Batuaren erabakia, ostegunean
Erresuma Batuko Parlamentuak premiazko bilera egingo du ostegunean, udako ohiko oporraldia alde batera utzita, Sirian ustez arma kimikoekin egindako erasoari zien erantzun eman erabakitzeko.
Premiazko bileraren berri David Cameron lehen ministroak eman du Twitterren: "Gobernuak erabaki argia hartuko du eta arma kimikoekin egindako erasoei emango zaien erantzuna zein izango den erabakitzeko bozkaketa egingo da".
Cameron astearte goizean buletatu da lanera, udako oporrak iragarritakoa baino lehen bukatu ostean. Lanean jarri eta berehala Parlamentuaren premiazko bilera deitu du.
Siriak eraso kimikoen frogak ikusi nahi ditu
Siriako Gobernuak eskaria egin dio nazioarteari eta arma kimikoak erabili dituztela erakusten duen "frogaren bat" aurkezteko exijitu dio. Gainera, atzerriko armadek Sirian eraso militarra egiteak soilik Israeli eta Al-Qaidari eingo liekeela mesede salatu du.
"Arma kimikoen aitzakia faltsua da eta ez du oinarririk. Gure indar armatuei arma kimikoak erabili dituztela leporatzen dietenek frogaren bat badute, iritzi publikoaren eta nazioartearen aurrean aurrean aurkez dezatela", adierazi du Walid al Mualem Siriako Atzerri Gaietarako ministroak prentsaurreko batean.
Alabaina, diplomaziaren buru siriarrak adierazi du atzerriko esku-hartze militar batek ez duela Siriako ahalmen militarra ahulduko "terrorismoaren kontrako borrokan".
Eskualde horretan egindako edozein ekintza militarrek Israeli mesede egitea du helburu, eta, gainera, Al-Qaidari lotuta dagoen Al Nusra Frontearen helburu militarretarako lagungarria izango da", gaineratu du.
AEBek ez dute zalantzarik
Azken egunotan bildutako informazioa oinarri hartuta, Sirian arma kimikoak erabili izan direla ''erreala'' eta ''ukaezina'' da, John Kerry AEBetako Estatu idazkariaren hitzetan. AEBentzat eraso hori ''krimen oso serioa'' dela eta erantzun egokia aztertzen ari direla aurreratu du Kerryk.
''Ulertezina da Al Asaden erregimenak zer ezkutatu ez bazuen Nazio Batuen adituen lana oztopatu izana'', gaineratu du.
Edonola ere, Washingtonek Nazio Batuen ikerketei itxarongo diela esan du Estatu idazkariak, eta Obamak froga guztiak mahai gainean dituenean ''informazioan oinarritutako erabakia'' hartuko duela aurreratu du.
Froga osagarriak
Halaber, arma kimikoak erabiliz erasoa egon zela agerian uzten duten froga osagarriak dituztela gaineratu du Kerryk, eta hori Obamarentzat ''lerro gorria'' dela gogoratu du. Froga horien inguruan, Kerryk aurreratu du behin aztertuta plazaratuko dituztela.
Frogak badituzte, adituen esku uzi behar dituztela esan dute Nazio Batuek
AEBek joan den astean Damaskon izandako eraso kimikoaren egilearen inguruan frogak baldin badituzte, froga horiek bertan dagoen aditu taldearen esku utzi behar dituztela adierazi dute astearte honetan Nazio Batuek.¿
NATOren bilera, egoera aztertzeko
NATOko 28 herrialdeetako enbaxadoreak asteazken honetan bilduko dira Bruselan, Siriako krisiaren inguruko informazio elkarrekin aztertu eta iritzi guztiak ezagutzeko.