Mundua -
EITB.COM-EKO ERREPORTAJEA
40 urte, Pinochetek Allende Presidentetzatik kendu zuela
Diktadurak iraun zuen 17 urtetan zehar, oposiziokoek errepresio handia jasan zuten. Hainbat txostenen arabera, Gobernu militarrak giza eskubideak urratu zituen sistematikoki.
I. RINCON | EITB.COM
1973ko irailaren 11 zorigaiztoko data da seguru asko Txileko hainbat lagunentzat. Egun horretan Augusto Pinocheten diktadura hasi zen, eta, 17 urtez, errepresio handia eragin zuen askorengan.
Horrek estatu kolpe bat zuzendu zuen Salvador Allende presidente sozialista Gobernutik kentzeko, eta, ordutik, Gobernu militar berriak gogor jo zuen oposizioaren kontra, giza eskubideak urratu zituela.
ESTATU KOLPEA
Salvador Allende 1970eko irailaren 4an heldu zen Txileko Presidentetzara, botoen % 36,3rekin, herrialdea erregimen sozialista bat izatera bideratuko zuela aginduta.
1973ko ekainaren hasieran gizarte arazo handiak zeuden, eta Armadako goi-agintea Allenderen Gobernuarekiko konfiantza galtzen hasi zen. Hala, urte horretako ekainaren 29an Blindatuen 2. Erregimentua, Roberto Souper koronelaren agindupean, matxinatu egin zen. Hala ere, Carlos Prats Armadaren komandante-buruaren indar leialek saiakera hori menderatu zuten. Estatu kolpe saiakera horri "El Tanquetazo" deitu zaio, tankeak nonahi ikus zitezkeelako.
Urte horretako abuztuaren 21ean, Prats jeneralak komandante-burua izateari uko egin zion, eta kargu hori Pinochetek hartu zezala gomendatu zion Allenderi, hura Gobernuarekin leiala izan zela uste baitzuen. Horrela, presidenteak jeneral "kolpistak" kendu eta Pinochet Armadaren buru izendatu zuen 1973ko abuztuaren 23an.
19 egun geroago, Pinochetek berak, Armadako beste hiru jeneralekin batera eta AEBetako Gobernuaren laguntzarekin, estatu kolpea zuzendu zuen "herrialdea marxismoaren uztarripetik askatzeko", eta 17 urtez iraun zuen diktadura baten agintari gorena bilakatu zen.
(La Moneda jauregiaren kontrako erasoa. Argazkia: Bilbioteca del Congreso Nacional)
Matxinada horretan jazotako liskarren eta bonbardaketen ondoren, militarrek La Moneda jauregiari eraso zioten eta okupatu egin zuten. Bertan, Allende zegoen, eta bere buruaz beste egin zuen bere AK-47 fusilarekin tiro bat jota.
Egun horretan bertan, arratsaldeko 6etan, Armadako lau goi-agintariak Eskola Militarrean bildu ziren Gobernuko Junta Militarra osatzeko.
DIKTADURA ETA ERREPRESIOA
Pinocheten 17 urteko diktaduran, Txilek hazkunde ekonomiko garrantzitsua jasan zuen, baina baita giza eskubideen urraketa ugari ere, oposiziogileen eta disidenteen kontrako errepresio bortitza bultzatu baitzuten.
Gobernu berriak egin zuen lehenengo gauza alderdi politikoak debekatzea, Kongresua disolbatzea, eskubide zibil eta politikoak murriztea eta Unidad Popular alderdiaren agintari gorenen atxiloketa agintzea izan zen.
1974ko abenduaren 17an Gobernuko Juntak Pinochet izendatu zuen Errepublikako presidente. Jarraian, presidente berriak Inteligentzia Nazionaleko Zuzendaritza (DINA) antolatzea agindu zuen. Antolakunde hori Estatuaren organismo errepresiboa izan zen, eta giza eskubideak urratu zituen sistematikoki, jendea atxilotuz, torturatuz, akabatuz eta desagerraraziz.
Horretaz gain, lehenengo momentutik, 1987ko urtarrilaren 2ra arte iraun zuen etxeratze-agindua ezarri zuten. Hala, herritarrek etxean geratzeko agindua zuten ordu jakin batzuetatik aurrera.
(Txileko hainbat futbol zelai kontzentrazio-esparru bihurtu zituzten. Argazkia: Chile: el pueblo vencerá)
Atxiloketak ere eguneroko kontu bilakatu ziren, eta sarekaden ostean etxeetan indarrez sartzeak, fusilamenduak, atxiloketak eta oldarraldi armatuak ugaritu egin ziren.
Aurkari politikoen kontra egiteko, erbesteratzeak ere ohikoak ziren. Hala, milaka pertsona kanporatu zituzten Txiletik.
GIZA ESKUBIDEEN URRAKETAK
Ez dago adostasunik giza eskubideen urraketen biktimen zenbatekoaren inguruan. Hala ere, Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak (Rettig Txostena) eta Espetxe Politikaren eta Torturaren Batzorde Nazionalak (Valech Txostena) kaleratutako datuen arabera, 40.000 pertsona atxilotu, torturatu, exekutatu edo desagerrarazi zituzten; 3.065 hilda edo desagertuta daude. Gainera, beste 200.000 inguru erbesteratu zituzten.
Diktaduraren 17 urteetan zehar, tortura praktika ohia izan zen atxilotuek informazioa eman zezaten eta horiek psikologikoki makurtzeko edota zigortzeko.
DIKTADURAREN AMAIERA
1988ko urriaren 5ean, plebiszitu bat egin zuten Pinochetek 1997ra arte boterean jarraituko zuen edo ez erabakitzeko.
Oposiziokoek 1980an onartutako Konstituzioak agintzen zituenak betetzea erabaki zuten, eta alderdi politikoak normalizatzeari ekin zioten. Besteak beste, hauek sortu ziren: Kristau Demokrazia, Alderdi Sozialista eta Demokraziagatiko Alderdia.
Nahiz eta izena eman, horietako askok uste zuten plebiszitu hori irrigarria zela, erregimen autoritario batek ere ez zuelako boterea utzi hauteskunde batzuen bitartez.
Hala ere, egun horretan 18 urtetik gorakoen % 92,1ek bozkatu zuten, herrialdeko marka guztiak hautsiz. Lehenengo bozketen ostean, giroa sumintzen hasi zen. Izan ere, alde batek baiezkoari nagusitasuna eman zion, eta kontrakoek bestelako emaitzak aurkeztu zituzten. Azkenean, emaitzak honakoak izan ziren: botoen % 44,01 baiezkoaren alde, eta % 55,99 ezezkoaren alde. Hala, hurrengo urtean presidentea eta Parlamentua hautatzeko hauteskundeak egin behar zirela erabaki zuen Txilek, diktadurari amaiera emanez eta demokraziarako trantsizioa abiatuz.
AEBetako Segurtasun Nazionalerako Artxiboak desklasifikatutako dokumentu batzuen arabera, Pinochet bigarren estatu kolpe bat egiten saiatu zen plebiszituaren porrota deuseztatzeko. Dirudienez, bozketen egun berean, Gobernu militarra emaitzen informazioa manipulatzen saiatu zen, oposizioak desordenak eragiteko. Ez zuten hori lortu, eta Pinochetek Junta deitu zuen La Moneda jauregian zenbaketa baliogabetzea proposatzeko eta ezohiko botereak emateko. Hala ere, bilera horretako partaideek ez zituzten proposamen horiek onartu, eta diktadoreak porrota aitortu beste aukerarik ez zuen izan.
Hala, hurrengo urtean Presidentetza Patricio Aylwinen eskuetan utzi zuen, horrek hauteskundeak irabazi baitzituen. Baina diktadore ohiak Armadaren komandante-burua izaten jarraitu zuen 1998ko martxora arte, eta biziarteko senatari izendatu zuten orduan.
EPAIKETARIK EZ
Errepublikako presidentea izateari utzi zionetik, Pinochetek hainbat akusaziori egin behar izan zion aurre, familiaren kontrako ustelkeriagatik, errepresioaren biktimen ezkutuko fosak aurkitu zituztelako edota giza eskubideen urraketengatik.
1998an, Baltasar Garzon Espainiako epaileak Pinochet atxilotzeko agindu zuen, eta Londresen atxiki zuten. Hala ere, egun batzuetan aukera guztiak aztertu eta gero, ez zuten diktadore ohia Espainiara estraditatu eta Txilera bueltatu zen.
Bertan, hura prozesatzeko hainbat ekimen egon ziren, bere agintaldian eragindako krimenen inguruko azalpenak eman zitzan. Pinochetek eledun izateak ematen zion babesa galdu zuen, eta hainbat kasutan epaitu ahal izan zuten. Hala ere, osasun arazoak zituela argudiatuta, ez prozesatzea lortu zuen. 2006ko abenduaren 10ean hil zen, 91 urte zituela.
Une horretan, Augusto Pinocheten kontrako 400 kereila zeuden epaitegietan.