Mundua -
3 hilabete daramatza
Nelson Mandela ospitaletik atera dela ukatu du Hego Afrikako Gobernuak
Hego Afrikako presidente ohiak 95 urte ditu, eta "egonkor, baina kritiko dago" azken parte medikuaren arabera.
Nelson Mandelak Pretoriako ospitalean jarraitzen du, eta "egonkor, baina kritiko" dago Hego Afrikako Presidentziak larunbat honetan bidalitako ohar baten arabera. Zenbait hedabidek Mandelak sendagiria jaso duela eta etxera itzuli dela jakinarazi badute ere, Gobernuak gezurtatu egin du informazio hori.
"Informazio okerra irakurri dugu hedabideetan, ez da egia Nelson Mandelak sendagiria jaso duela", adierazi du Hego Afrikako gobernuak ohar batean.
"Madibak Pretoriako ospitalean jarraitzen du, eta egonkor, baina kritiko dago", gaineratu du Gobernuak.
"Zenbaitetan bere egoera ezengokorra da, baina tratamenduari ongi erantzuten ari da", Mac Maharaj Hego Afrikako bozeramaileak jakinarazi duenez.
Pasatu den asteko parte medikuaren arabera, Mandela "egonkor, baina kritiko" dago, eta geroztik ez dute bere eboluzioaren gaineko informaziorik eman.
Martxoan ere ospitalean egon zen arazo bera tarteko. Hamar egun egin zituen ospitalean, eta apirilaren 6an eman zioten sendagiria.
Abenduan, hiru aste egin zituen ospitaleratuta biriketako gaitzak jota eta ebakuntza bat tarteko.
67 urte eman zituen apartheidaren aurka borrokan, eta horren ondorioz, 27 urte eman zituen espetxean. Kartzelan tuberkulosiaz kutsatu zen, eta geroztik biriketako arazoak izan ditu.
1994an Hegoafrikako presidente izendatu zuten; bertako historiako lehen presidente beltza.