Mundua -

G20ren bilera

Obamak Espainiaren susperraldia goratu eta Etxe Zurira deitu du Rajoy

AEBetako presidentearen iritsierak ikusmin handia piztu du. "Oraingoz ez da Siriari buruzko bilera berezirik aurreikusi, baina dena agintarien esku dago", adierazi du Putinen bozeramaileak.

Hazkunde ekonomikoa eta enplegua, G-20aren gai nagusiak

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiatutako erreformen ondoren, Espainiako ekonomia suspertzen ari dela helarazi dio Barack Obama AEBetako presidenteak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, Rajoyren ordezkaritzako iturriek jakitera eman dutenez. Halaber, datozen hilabeteotan Etxe Zurian bilera egin behar dutela esan dio Obamak Espainiako presidenteari.

G20aren bileraren hasieran hitz egin dute bi agintariek, eta Espainiak abian jarritako erreformak izan dituzte bereziki hizpide.

Ikusmin handia

G20ko agintariak gaur iritsi dira San Petersburgora (Errusia). Bertan, gai nagusiak hazkunde ekonomikoa eta enplegua izango badira ere, Siriako krisiaren itzalak dena estal dezake.

Hala, Barack Obama AEBetako presidentearen iritsieraren inguruan sortu da ikusmin handiena, Sirian eraso militarra egiteko aukeraren inguruan egin ditzakeen adierazpenengatik batez ere.

Arratsaldean hasi da ekitaldia ofizialki. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, G20ren txandakako buruak, gainerako estatuetako agintariak hartu ditu Konstantino Jauregian.

Ondoren, goi agintariek bilera abiatu dute, "hazkunde ekonomikoaz eta mundu mailako ekonomiaz" hitz egiteko. Ondoren, afaria egingo dute, "hazkundea eta denon garapena" hizpide, programa ofizialean agertzen denez.

Siria

Agintariek gaurko goiza aprobetxatu dute, ekitaldi ofizialen aurretik, aldebiko bilerak egiteko, eta bertan jorratu ahal izango dituzte gaurkotasun politikoko gaiak. Hori horrela, dagoeneko egin dituzte lehenengo bilerak, Putinek Japoniako lehen ministroarekin egin duena, adibidez.

Besteak beste, Bachar al Asaden Siriako Gobernuaren kontra eraso bat egitea aztertuko dute, eta Barack Obama AEBetako presidenteak babesa bilatuko du.

Siriako krisia agenda ofizialetik kanpo badago ere, gai nagusi bihur daiteke, eta Errusiako Gobernuak ez du baztertzen eztabaida formala antolatzea.

"Oraingoz ez da Siriari buruzko bilera berezirik aurreikusi, baina dena agintarien esku dago", adierazi du Dmitri Peskovek, Vladimir Putin Errusiako presidentearen bozeramaileak.

Jarrera, Siriako gatazkaren aurrean

Kremlineko burua da Siriaren aliatu nagusietako bat eta Sirian eraso militarra egitearen kontra agertu da. Hala ere, Putinek atzo esan zuen eskuhartze militarra babesteko prest dagoela Damaskok arma kimikoak erabili zituela frogatzen bada eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren oniritzia izanez gero.

AEBek duten laguntzaile nagusia, François Hollande Frantziako presidentea, ere goi-bileran izango da eta aldebiko bilera egingo du bihar Obamarekin.

Putin, berriz, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, Enrico Letta Italiako lehen ministroarekin, Shinzo Abe Japoniakoarekin, Xi Jinping Txinako presidentearekin eta Park Geun-hye Hego Koreakoarekin bilduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea