Mundua -

Akordioa

Arma kimikoak desegitea adostu dute AEBek eta Errusiak

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak iragarri du akordioa. 2014 erdi alderako Siriak arma kimiko guztiak suntsitu beharko ditu eta nazioarteko ikertzaileek azarorako egon beharko dute berton.

Siriako armategi kimikoa desegiteko konpromisoa adostu dute

1:54

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako gatazkari buruzko akordioa erdietsi dute AEBek eta Errusiak gaur, larunbata, goizean, Genevan: arma kimikoak desegitea eta bide militarra erabiltzeari uko egitea adostu dute bi aldeek. Hala, armen desegitea noiz eta nola egingo den adostu dute.

Jon Kerry AEBetako Estatu idazkariak eta Segei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak eman dute jakitera akordioa, prentsaren aurrean. Hiru egunez egon dira bilduta Genevan, akordio bila.

"Arma kimiko guztien suntsiketa 2014ko lehen seihilekorako burutu beharko da", prozesu guztia zehazten duen eta Arma Kimikoen Debekurako Organizazioari zuzenduta dagoen agirian agertzen denez.

Akordioan jaso dutenaren arabera,  astebeteko epean, Siriak dituen arma kimiko guztiei buruzko informazio zehatza jakinarazi beharko du. Armen desegitea baieztatuko duten nazioarteko begiraleak, beranduenez, azaroan joan beharko dute Siriara. 2014ko erdialderako arma kimiko guztiak deseginda egon beharko lukete.

Washingtonek eta Moskuk adostutakoaren arabera, Siriako erregimenak Arma Kimikoak Debekatzeko Itunak ezartzen dituen epeak baino epe txikiagoak izango dute arma kimikook suntsitzeko.

Kerryk aurreratu duenez, Siriako armadak  gaur adostutakoa beteko ez balu, 'zigorra' jasoko luke, betiere, NBEko Segurtasun Batzordearekin adostutako "zigorra". Kerryren hitzetan, armak desegin ezean, eraso militarraren aukera ez lukete baztertuko, Nazio Batuen Gutuneko 7. Artikuluan jasota dagoenari eutsita.

"Dena dela, pausu guztiek NBEko Segurtasun Batzordearen oniritzia" beharko lukete, gaineratu du ministro errusiarrak.  Lavroven arabera, Genevako bilerak "giro oso onean" egin dituzte. Aurreratu duenez,  Siriako bake konferentzia egiteaz ere hitz egin dute bi aldeek. Urrian izango litzateke, seguruenera, konferentzia hori.

 

Siriaren erantzuna

Ali Haidar Siriako Adiskidetze ministroak baieztatu duenez, arma kimikoen desegitea zuzendu behar duten nazioarteko ikertzaileek "erraz" sartu ahalko dira instalazioetan.

"Uste dut nazioarteko ikertzaileek euren lana egin ahalko dutela, Gobernuaren instalazioak ziurrak dira, baita sartzeko errazak ere", gaineratu du Haidarrek.

Adiskidetze ministroaren esanetan, arma kimikoak dauden lekuak "Gobernu siriarrak babestuta daude oraindik; hori dela eta, sartzea erraza izango da".

"Siriak nazioartearen presioa gainetik kendu behar zuen. Gure herria babestu nahi dugu eta ez AEBekin gatazka bat izan", azpimarratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea