Mundua -

Hauteskundeak

Parte-hartzea bost puntu igo da, duela lau urteko datuekin alderatuta

62 milioi alemaniar boza ematera deituta daude. Merkelen garaipena ziurtzat eman dute inkesta guztiek, baina CSUko liderrak beste alderdi baten babesa beharko du Gobernuan jarraitu ahal izateko.

Ezustekorik ezean, Merkelek babes gehigarria beharko du agintean jarraitzeko. Efe.
Ezustekorik ezean, Merkelek babes gehigarria beharko du agintean jarraitzeko. Efe.
62 milioi hauteslek Alemaniaren etorkizuna erabakiko dute

1:11

Leire Etxazarra | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

14:00etarako, hautesleen % 41.1ek botoa eman du Alemaniako hauteskundeetan, duela lau urte baino 5,3 puntu gehiago, Estatistika Bulegoak emandako lehenengo datuen arabera.

Datu horietan ez dira oraindik postaz bidalitako bozak kontuan hartu.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak boza eman du jada Humboldt Unibertsitatean dagoen hauteslekuan. Merkel 13:30ak aldera iritsi da, oinez, Joachim Sauer senarrarekin batera.

Merkelen aurkari nagusiak, Peer Steinbrueck sozialdemokratak, goizean eam du boza, Bonn hirian.

Bestalde, Philipp Rösler egungo ekonomia ministro eta Alderdi Liberaleko (FDP) liderrak, Hannoverren eman du boza.

Hauteslekuak, 18:00ak arte

Alemaniarrek hurrengo lau urteetako Gobernua aukeratzeko hitzordua dute igande honetan. Goizeko 08:00etan zabaldu dituzte hautestontziak, eta 18:00ak arte izango dute botoa emateko aukera alemaniarrek.

Adituek salatu bezala, emoziorik gabeko hauteskundeak dira: inkesta guztiek Angela Merkelen CDU alderdia aise nagusituko dela diote, baina ez du lortuko beste inoren babesik gabe gobernatzeko gehiengorik.

Larunbatean egindako azken mitin handian, Merkelek boza eskatu die alemaniarrei helburu garbi lortzeko: Gobernu "sendoa" izan eta Alemaniak "Europaren errespetua" edukitzen jarraitzeko.

Izan ere, Europaren aldeko jarrera eta Alemaniak Europar Batasunean duen paperaren defentsa dira Merkelen CDUren eta Steinbrueck aurkari nagusiaren alderdi sozialdemokrataren arteko adostasun bakarrak.

Europaren aldeko hitzek badute arrazoi bat: azken inkesten arabera, Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdi euroeszeptikoak botoen % 5 edo gehiago lor dezake eta horri ezker Parlamentuan ordezkaritza lortuko luke.

Bestalde, Merkel kantzilerra oraindik botoa nori eman erabaki ez dutenei zuzendu zaie, boza ematera joateko eskatzeko. Aurreikuspenen arabera, bozkatzeko eskubidea duten 62 milioi alemaniarren heren batek ez du oraindik boza nori eman erabaki.

Steinbrueck: "Gobernu atzerakoi eta ahohandia"

Peer Steinbrueck Merkelen arerio nagusiak kritika zorrotzak egin dizkio Angela Markelen Gobernuari. Hautagai sozialdemokrataren ustez, "Alemaniaren bategitetik izandako gobernurik atzerakoiena, ahohandiena eta ezgaiena da".

Steinbrucekek ere Europar Batasunaren alde egin du eta euroeszeptikoei "demagogia" hutsa egitea leporatu die.

"Gerran sakrifiziorik egitea egokitu ez zaion lehen belaunaldia gara", esan du, "eta hori salbuespena da Alemaniako historian. Gauzak horrela, Europarekin erantzukizuna daukagu", azpimarratu du.

Boza atzerritarrei utzi diete

"Iraultza hauteskundeetan" lelopean, eta sare sozialak erabilita, Alemaniako zenbait herritarrek atzerrikoekin harremanetan jarri (batez ere Europako Hegoaldekoekin) eta boza "oparitzea" erabaki dute, nahi duten hautagaiaren alde egin dezaten.

"Mundu globalizatu honetan, politikak ez du mugarik", azaldu dute Facebooken zabaldutako profilean.

Webgunean eskaintza ugari dago, Daniel Busch 21 urteko alemaniarrena tartean. Buschek bere boza atzerritarren esku jarri du "atzerritarrek eurengan eragin zuzena duten Alemaniako erabakietan parte hartu ahal izateko".

Marina Valcanti Bartzelonarra aukera aprobetxatzeko prest agertu da, Alemanian hartutako erabakiek Espainiako sei milioi langabeen kasuan eragin zuzena izan dutela arrazoituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea