Mundua -
Energia nuklearra
Iranen eta AEBen arteko tentsioa baretu egin da NBEren Asanbladan
Akordio nuklear baten aldeko apustua egin dute bi herrialdeetako presidenteek, Obamak eta Rohanik. Azken 35 urteetako lehenengo aldebiko bileraren aurrekaria izan daiteke.
Erredakzioa
Irango programa nuklearraren inguruko akordioa lortzeko diplomaziaren alde egin du Barack Obama AEBetako presidenteak, eta Iranekin programa hori negoziatzeko prest agertu da. Hala, helburu baketsuak dituen energia nuklearra lortzeko Teheranekin egingo dituzten negoziazioetan John Kerry AEBetako estatu idazkaria izango da AEBen ordezkaria.
Arma nuklearrak sortuko ez dituela iragarriz Teheranek azken asteotan egindako adierazpenek ''akordiorako oinarria izan'' behar dutela uste du Obamak, eta aurrerapauso ''garden eta egiaztagarriak'' ematea eskatu dio bertako Gobernuari.
Hala, Arma Nuklearren Kontrako Ebazpenaren barruan protokolo gehigarria ere sina dezan eskatu dio Obamak Irani. Horren arabera, aurretiazko abisurik gabe instalazio ez nuklearrak miatzeko baimena emango luke Iranek.
Arma nuklearrek "ez dute tokirik" Iranen
Hasan Rohani Irango presidente berriak begi onez hartu du Obamaren hitzaldia, eta arma nuklearrek Iranen ez dutela tokirik azpimarratu eta "elkarrizketa eraikitzailea" eskaini die AEBei.
Iranek "ez du AEBekiko tentsioa areagotu nahi", adierazi du Rohanik NBEren Asanbladan, Obamaren hitzaldia "arreta handiz" entzun zuela aitortu aurretik.
"Irango programa nuklearrak, eta gainerako herrialde guztienak, helburu baketsuak izan behar ditu soilik", adierazi du Rohanik, ikusmin handia lortu duen hitzaldian.
Rohanik azaldu duenez, AEBek "borondate politikoa" erakusten badute eta "gerra sustatzen duten presio taldeei" jaramonik egiten ez badie, "gure desadostasunak konpontzeko testuingurua lor dezakegu".
Bestalde, Irango presidenteak berretsi du Iranek uranioa aberasteko "eskubidea" duela eta hori errespetatu eta onartu behar dutela AEBek.
Azken hamarkadetako hitzordu nagusi
Europar Batasunarekin, Errusiarekin, Txinarekin, Frantziarekin, Erresuma Batuarekin eta Alemaniarekin batera kooperazio bideari jarraitzeko eskatu dio Obamak John Kerryri, eta, ondorioz, horiek guztiek bilera egingo dute ostegunean Irango Atzerri ministroarekin.
1979tik, Irango eta AEBetako ordezkariek izan duten goi bilera nagusia izango da hori.
Obama eta Rohani
Azken asteotan Barack Obama AEBetako presidenteak eta Hassan Rohani Irango presidenteak bilera egin dezaketela zabaldu den arren, Etxe Zuriak ez du halakorik baieztatu, eta Teherango Gobernuak, berriz, ukatu egin du.