Mundua -
Krisi politikoa Italian
Letta: 'Gobernua erorarazten badute, Italia arriskuan izango da'
Senatuak eta Kongresuak konfiantza-mozioa bozkatuko dute gaur, Berlusconik Exekutiboaren aurka egin eta gero.
Erredakzioa
Enrico Letta Italiako lehen ministroak ohartarazi duenez, Italiak "arrisku desegokia eta atzeraezina" izango luke, Gobernua eroraraziko balute.
Lettak agerraldia egin du Senatuan, konfiantza-mozioa bozkatuko baitute bertan, Silvio Berlusconi Askatasunaren Herriko (PDL) buruak bere alderdiko ministroei dimisioa ematea agindu eta gero.
Dena dela, Berlusconi Gobernua erorarazten saiatu bada ere, litekeena da porrot egitea, PDLko parlamentari gehienak ez baitaude agindu horrekin ados. Disidente horien artean Angelino Alfano, Berlusconiren 'bigarrena', dago.
Carlo Giovanardi PDLko senatariak zenbaki zehatzagoak eman ditu: gutxienez, bere alderdiko 40 parlamentarik egingo dute Lettaren Gobernuaren alde, Berlusconiren aginduari muzin eginda.
Lehen ministroa Senatuan izan da gaur goizean, eta, arratsaldean, Kongresuan egingo du agerraldia.
Goi Ganberan, Lettak ez du arazorik izango konfiantza-mozioa gainditzeko, bere alderdiak, Alderdi Demokratak (PD), gehiengo osoa duelako. Behe Ganberan, baina, 161 boto behar ditu, eta oraingoz 130 baino ez ditu.
Bost Izar Mugimendua Beppe Grillo umoristaren alderdiak eta Ipar Ligak Gobernuaren aurka bozkatuko dute.